
TTT Ejes enpresako langileak greba mugagabean daude apirilaren 2az geroztik. Enpresak Legazpin eta Zumarragan ditu lantokiak, eta zuzendaritzak eta dituen 71 langileetatik hamalau kaleratzeko asmoa adierazi die berriki bertako langileei. Hilabeteko negoziaketen ostean, enpresa eta ELA, LAB eta USO sindikatuek osatutako enpresa batzordea ez dira akordio batera iritsi. Grebak jarraitzen badu, zuzendaritzak enpresa isteko «mehatxua» luzatu diela jakinarazi du enpresa batzordeak.
Zenbait negoziaketa bileren ostean «otsailaren 26an egin genuen bileran enpresak 14 langile kaleratzeko enplegu erregulazio espediente (EEE) bat aurkezteko zuen asmoen berri eman zigun» azaldu dute langileek. Enpresaren egoera «txarra» jarri zuten aitzakiatzat, eta kaleratzeekin «milioi erdi euro aurreztuko» zituztela azpimarratu zuten. Kaleratutako langileek egiten duten lana «azpikontraten bitartez» ordezkatzea ere proposatu zuten.
Enpresa batzordearen ezekoa
Enpresa batzordeak hasieratik uko egin dio kaleratze hauek onartzeari, besteak beste, «enpresaren lan karga ia %100ean» dagoelako. Enpresak kaleratzeen ordez bigarren proposamen bat luzatu zion batzordeari. 2012rako eta 2013rako aurreikusitako soldaten igoerak izoztea, soldatak %9 jaistea, 2014ko eta 2015eko soldatak izoztea eta 2016rako KPIaren igoera 2015 urtekoaren parekoa izatea aipatzen zituen baldintzen artean.
Langileak ordezkatzen dituen enpresa batzordeak, aldiz, beste baldintza batzuk jarri zituen mahai gainean, enpresak proposatutakoari uko eginez. Ados agertu ziren 2012 eta 2013ko soldaten igoera ez jasotzearekin, baita 2012ko abenduko ordainsariaren zati bat kobratu gabe uztearekin ere. Baina uko egin diote soldatak gehiago jaisteari. 2014rako soldata izoztearen aldekoak zirela jakinarazi zuten, beti ere «enpresak irabaziak izan ezean». Irabaziak izatekotan, «hirugarren mailako ofizial baten soldatari dagokion KPIaren igoera exijituko genioke enpresari».
Enpresak ere ez zituen langileen baldintzak onartu, eta negoziaketak hautsi zituzten bi aldeek. Enpresa batzordeak greba hasi zuen pasa den apirilaren 2an eta enpresak kaleratzeak gauzatzeko EEEa aurkeztu zuen, hamabost eguneko epean egikarituko dena. Bien bitartean, enpresaren eta langileen arteko hartu emanek aurrera jarraitu dute, baina enpresak uko egin dio, langileek eskatu bezala, mahai gainean dauden baldintzak negoziatzeko EEEa bertan behera uzteari. Langileek hau «mehatxutzat» hartu dute.
Protesta ekitaldiak
Bien bitartean langileek greba mugagabean jarraitzen dute. Egunero 8:00etan enpresa aurrean elkartzen dira eta 11:00etan elkarretaratzea egiten dute Legazpiko industrialdeko biribilgunean. Ez dira horiek protesta ekitaldi bakarrak, izan ere gaur Legazpiko kaleetan manifestazioa deitu dute 19:00etarako eta bihar, elkarretaratzea egingo dute Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan ordu berean.