Ernai gazte erakundearen aurkezpen festa eta ekitaldia egingo dute etzi
Sortu berria den Ernai gazte antolakundearen Ordiziako aurkezpena egingo dute gazteek etzi, hilak 13, arratsaldetik ordu txikietara bitarte. Herri mailako aurkezpena izan arren, antolatzaileek gogoratu dute bertso afarira nahi duena joan daitekeela, baina horretarako Ordiziako Herrikoan eta Kirkil tabernan, eta Beasaingo Arranoan salgai dauden txartelak erosi behar dira. Bost euro balio du txartelak.
Herrigunean egingo den manifestazio batekin eman zaio hasiera aurkezpenari. Gazteok independentzia, sozialismoa eta feminismoa lelodun manifestazioa 18:00etan abiatuko da. Ondoren ekitaldia egingo dute frontoi txikian, segidan kantu poteoa eta iluntzean bertso afaria. Eguna bukatzeko hiru taldek kontzertua egingo dute pilotalekuan bertan, gauerdian hasita. The Glasses Crew, The Working boys eta Ez! taldeek joko dute. Antolatzaileek etziko festan parte hartzeko deia egin diete herriko gazteei.