Igandean inauguratuko da Ama Birjinaren aterpe berria Ezkion
Igandean inauguratuko da Ezkioko Ama Birjinaren aterpe berria. Udalak antolatu duen ekitaldia 13:00etan hasiko da. 15:30ean, berriz, sinestunak elkartuko dira errezatzeko.
Udalaren ekitaldian trikitilariek joko dute, aurreskua dantzatuko da eta Garikoitz Aiesta alkateak hitz batzuk esango ditu. Ondoren, mokadutxo bat eskainiko zaie bertaratzen direnei.
Alkateak herritarrei parte harteko gonbitea luzatu die. «Merezi duen ekitaldi bat dela uste dugu, Ama Birjinaren agerpena gure herriaren historiaren parte baita. Ikuspenak izan zituzten bi anaia-arrebak herrikoak ziren eta, elizak gertakari haiek benetakotzat hartzen ez dituen arren, herrian Ama Birjina horrekiko sentimendua dago. Gure helburua kanpotik etortzen direnek, Igartubeitiz gain, aterpea ere bisitatzea da», azaldu du Aiestak.
Aterpe berria zaharra baino apur bat beherago egin da, AHTren trenbideak lehengora heltzea oztopatuko duelako.
Kalbarioa mantendu egin dute. Gainera, oinez eta kotxez iristeko bide berri bat ere egin dute. Bide hasieran, udaletxe zaharraren atzeko aldean, aparkalekuak egin dituzte eta aterpe ondoan beste bi jarri dira. Estalpea lekuz aldatzeko lanen gastu guztiak Euskal Trenbide Sareak ordaindu ditu.