Igeribar errotari buruzko dokumentala estreinatuko da bihar gauean Gabirian
Urretxuko Lekaio elkarteak Igeribar baserriko errotari buruzko dokumentala egin du. Bihar estreinatuko da, 22:00etan, Gabiriako kultur etxean. Emanaldian Garia, lurra eta ogia lana ikusteko aukera ere egongo da. Etzi, 16:30ean, errotara bisita egingo da. Ondoren, 19:00etan, talo jana egingo da Osinalde elkartean.
Egitasmo hau iaz hasi zen mamitzen, Lekaiokoek Igeribarrera jo zutenean Garia, lurra eta ogia dokumentalerako garia ehotzera. Artoa ehotzeko erabiltzen zena erabili zuten, besteak 50 urte baitzeramatzan geldirik. Igeribarreko Jose Kruz Baztarrikak errota honen zaharberritzea grabatzea proposatu zien eta hori egin dute.
Igeribar errotari buruz ezagutzen den agiri zaharrena 1544koa da. Roke Aztiriak Oñatiko moja klaratarrei erosi zien. 1500 inguruan, berriz, Baztarrikaren emaztearen familiak erosi zuen.
Baztarrikak zaharberritzea neketsua izan zela dio. «Harria pikatu behar izan nuen, egur berria jarri… Martxan mantentzeak ere lana ematen du: harria udan geldirik egoten da eta urtero askatu eta pikatu egin behar da».
Baztarrika zumarragarra da eta duela 50 urte ezkondu zen Gabiriara. «Errota gustatu egin zitzaidan. Batzuek arto irina egiteko eskatzen didate, besteek errota erakusteko… Garai batean Gabirian zazpi errota zeuden. Errota irekitzeko erregearen baimena behar zenez, asko eta asko mojen eta fraideen esku zeuden».
Igeribar errotaren inguruko ekitaldiak Udaberri Kulturalaren barne antolatu dira. Igandean jubilatuen eguna ospatuko da: mezan eta meza ondoren Kantaka abesbatzak abestuko du eta gero herriko jubilatuek Korta jatetxean bazkalduko dute.