Maizpide euskaltegiak 25. urteurrena ospatuko du
Lazkaoko Maizpide euskaltegia sortu zutela 25 urte bete dira hil honetan. 1988ko apirilean zabaldu zuten gaur egungo ikastetxea, Maizpi baserriaren parean —eraitsia gaur egun— eraikin berria eginda. Helduen euskalduntze lanerako ekarpen garrantzitsua izan zen, ordura arteko azpiegitura eskasia gainditu, eta euskara irakasteko espazioa ere egonkortu ahal izan zelako.
Ekitaldia larunbaterako prestatu du Maizpidek, mende laurdeneko ibilia gogoratzeko. Bi zatitan banatua da; 11:00etan, euskaltegia zabalduko dute, nahi duen guztiak barrutik ikus dezan.
Maizpideko zuzendarien eta agintari politikoen hitzaldiek osatuko dute, 12:00etan ekitaldia. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusi Zigor Etxeburuak, Lazkaoko alkate Azeari Andonegik, eta Haberen zuzendari Joseba Erkiziak parte hartuko dute.
Berrogeita hamar urteko lana
Maizpideren izenean, Jon Urdangarin zuzendariak hitz batzuk egingo ditu. Ondoren, euskaltegiko irakasleek prestatutako esketxa izango da. «Elkarrizketa pare bat» prestatu dituzte, Maizpide «zer den» eta haren historia azaltzeko. Dantzariek eta txalapartariek osatuko dute ikuskizuna, denak ere bertako irakasleak.
Maizpidek 31 langile ditu gaur egun: 21 irakasle, lau bulegari eta sei sukaldari eta garbitzaile.
Nahiz euskaltegiaren eraikina eta Maizpide bera duela 25 urte sortu, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ibilbidea askoz lehenagokoa da Lazkaon. 1960ko hamarkadan fraide beneditarren inguruan abiatu zen mugimendua. 1975eko uztailean lehenengo Udako Euskal Ikastaroa antolatu zen, eta geroago, 1977an, Goierriko Euskal Eskola sortu zen, Goierri osoan alfabetatze-euskalduntzea koordinatu zuen eskola.
Goierriko Euskal Eskola 1982ko irailean urte osorako ikastaroak antolatzen hasi zen, barnetegi egoeran, herriko etxeetan eta lokaletan ostatu emanez. «Giza baliabidez nahiz baliabide teknikoz ondo hornitutako barnetegia» —ikastetxearen webean dio—, 1988an eraiki zuten.
Hogeita bost urteotan bost zuzendari izan ditu euskaltegiak: Dionisio Amundarain (1988-1991), Pello Joxe Aranburu (1991-1994), Maria Pilar Amundarain (1994-1997), Marian Bidegain (1997-2012) eta Jon Urdangarin (2012tik).