Sandrati kobaren historia ezagutzera emateko ekimenak
Zegama Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteotan indusketak egin ditu Zegamako Sandrati koban eta bertan aurkitutakoa ezagutzera emateko ekimenak abian jarri dira. Zegamako turismo bulegoak bisita gidatuak antolatu ditu eta ekainean leizean aurkitutako piezak erakutsiko dira Aizkorriko Ataria interpretazio zentroan.
Bisita gidatuak igande honetan eta hurrengoan egingo dira. Parte hartzaileak 9:00etan irtengo dira interpretazio zentrotik. Hamaiketakoa egiteko tarte bat hartuko da. 4 euro ordaindu behar da eta izena emateko 943 80 21 87 telefono zenbakira deitu daiteke edo aizkorribidean@aizkorri.net helbidera mezua bidali.
Erakusketari dagokionez, Sandratin aurkitutako piezekin batera, kobak garai ezberdinetan izan zuen itxura irudikatzen duten hainbat maketak eta bertako historia jasotzen duten panelek osatuko dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak urteak daramatza Sandratin indusketa arkeologikoak eta neurketa geologikoak egiten eta artxiboetan arakatzen. Hasiera batean, helburua Erdi Aroan bertan egon zen gotorlekua ikertzea izan zen, baina indusketa lanak aurrera egin ahala, Historiaurrean ere Sandrati gune garrantzitsua zela ikusi zuten. Erakusketan bosgarren indusketa kanpainan aurkitutakoak jarriko dira ikusgai.