Maizpide: bizitza ulertzeko modu bat
Gaur, eguerdiko hamabiak pasatxo ekin diote Maizpide euskaltegi barnetegian, Lazkaon, 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiari. Aretoa bete dute ikasleek, irakasleek, ordezkari politikoek eta beste hainbat gonbidatuk ere. Ordu bete eta erdian dantzek, oroitzapenek, musikak, gogoetek, irudiek eta antzezlanek ekitaldia osatu dute. Ikasle batek hitza hartu du, eta bere bizipenez jositako testua irakurri du. Tartean, “Maizpide bizitza ulertzeko modu bat” dela esan du.
Ekitaldian parte hartu duten guztiak Maizpideko azal eta hezur dira, hala jendaurrean ipini direnak nola taulatik kanpo buru-belarri lanean aritu direnak. Hasteko dantzariek agurra egin dute, eta jarraian Marian Bidegain eta Iñaki Rezola, eszenatokiaren ertzean jarri dira, eta gonbidatuengandik hurbil aspaldiko pasadizoen kontakizuna egin dute; aspaldikoetatik hasi eta gaur arte. Egun berean 600 edo 700 ikaslek izena eman zutenekoa, el despertador ha sonado esaldia iratzargailuak zintz egin du itzuli zuen ikaslearena edo Dionisio Amundaraini gaztelerazko hitzen bat edo beste atera zion ikaslearena. Lazkaoko beneditarrek 60ko hamarkadan hasitako bidea gogoan izan dute eta Dionisio Amundarain oso presente egon da ekitaldi guztian zehar; gonbidatuen artean jarrita zegoen Amundarain, eta hitza hartu dutenek ere aitortza egin diote Amundarainek egindako lanari. 1965ean lehenengoz martxan jarri zuen udako ikastaroa, urtez urte sendotu dena.
Musikak hartu du hitzen lekukoa eta Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak eta Dani Oiarbidek publikoa kantuan jarri dute. Aitzol Asurmendik eta Laida Begiristain irakasleek Maizpideko egunerokoa irudikatu dute taula gainean, eta ikasle batek bizipenek bilbatutako kontakizuna egin du. Tartean, atzerriko ikasleak gogoan izan dituzte.
Amaiera Urdangarin zuzendariaren zein ordezkari politikoen eskutik iritsi da. Maizpideko zuzendariak ikasleei esker ona agertu die, izan ere “helduen alfabetatze euskalduntzea deus ez da ikaslerik gabe” esan du. Ekitaldia “auzolanean prestatu” dutela azpimarratu du, eta Lazkaoko herriari ere hitz eztiak gorde dizkio, finean “Maizpide herri ekimenetik sortutako proiektua baita”.
Maizpiden 1982an egin zuten neguko lehen barnetegia, eta hainbat egoitza izan ondoren, 1988an jaio zen egungo barnetegi-euskaltegia. Ikasle andana igaro da Maizpidetik 25 urte hauetan guztietan, aurtengoan makal hasi baziren ere, ikasturtean zehar betetzen joan dira ikasgelak, eta Urdangarinek gogotsu daudela adierazi du, “egitasmo berriak abian jartzen”.
“Euskaldunak egiteko lantegia”
Zigor Etxaburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara zuzendariak Maizpide “euskaldunak egiteko lantegia” dela esan du, eta “euskararen herri gogoak honutzaino” ekarri duela euskara. Etxaburuak puntua bota dio bere ondoren hitza hartu duen Patxi Baztarrikari, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeari, eta euskara ikasketak “doakoak” izatea eskatu dio, “ez soilik hiru lurraldeetan, Euskal Herri osoan baizik”.
Baztarrika ataundarrak Lazkaoko beneditarretan ikasi zuela gogoratu du, izan ere, aurretik Bidegainek eta Elortzak Lazkaoko beneditarrek euskararen alde egindako lana nabarmendu dute. Baztarrikak hainbat datu esanguratsu eman ditu bere hitzaldian, adibidez, Maizpidek, 25 urteko jardunean 19.838 ikasle inguru izan dituela, “zortziehun bat urtean”. Baztarrikaren iritziko, “Maizpideren eginkizuna giltzarria izan da euskal hiztunak denbora laburrean irabazteko garaian”. Baztarrikak EAJk Jaurlaritza berria osatu bezain azkar, “hitzak ekintza bihurtu ditugu, eta hizkuntza politikaren alorreko aurrekontu-proiektuan lehentasun osokoa izan da guretzat euskaltegien jardunari eustea”. Jaurlaritza osoaren aurrekontuan %10,8 gutxiago izan arren, “103 euskaltegi homologatuentzako finantzaketa maila mantendu egin dugu”. Etxaburuaren hitzei erantzunez, ikasleen diru laguntzak berreskuratzea lortu dutela, eta aurten 700.000 euro bideratuko dituztela esan du, “beti ere, aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrak onartzen badu”. Hizkuntza Politikako sailburuordeak herri aginteen eginbeharra “euskaltegien lana behar bezala babestea eta sustatzea” dela adierazi du.
Ekitaldian Joseba Erkizia HABEko zuzendaria, Juan Mari Larrarte Berria taldeko kontseilari ordezkaria eta beste hainbat gonbidatuk parte hartu dute. Amaitzean mokadutxo bat zain izan dute barnetegiko jangelan.