Bidea argitzen hasteko
Ia bi urte dira Goierri beheko hainbat udaletara eskualdea zeharkatuko duen tentsio altuko linearen berri iritsi zenetik. Asko izan dira tarte horretan izan dituzten usteak eta susmoak. Baina proiektuari buruz ezer argirik ez dute jakin aste honetara arte. REE Red Eléctrica Española enpresako ordezkariak Gabiriako, Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo udal ordezkariekin eta herritarrekin bildu dira aste honetan, eta proiektuaren inguruko lehen xehetasunak eman dizkiete; baina horiek ere ez dira erabat zehatzak oraindik.
Ia bi urte dira Goierri beheko hainbat udaletara eskualdea zeharkatuko duen tentsio altuko linearen berri iritsi zenetik. Asko izan dira tarte horretan izan dituzten usteak eta susmoak. Baina proiektuari buruz ezer argirik ez dute jakin aste honetara arte. REE Red Eléctrica Española enpresako ordezkariak Gabiriako, Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo udal ordezkariekin eta herritarrekin bildu dira aste honetan, eta proiektuaren inguruko lehen xehetasunak eman dizkiete; baina horiek ere ez dira erabat zehatzak oraindik.
Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso batuko dituen goi tentsioko linea Zegamatik sartuko dela jakin ahal izan dute, eta Barbari auzotik barrena iritsiko dela Zeraina. Handik, Mutiloara bideratuko dute, eta minetatik barrena Gabiriara, Aztiria zeharkatu eta Ezkio-Itsason amaitzeko. Proiektu zehatza datozen hilabeteetan jasoko dute –maiatza eta uztaila artean–, baina zehatz noiz izango den ere ez dute argitu REE-ko ordezkariek.
Bost udaletako alkateak eta herritarrak gustura daude, ordea, bi urte hauetan aurreneko aldiz proiektuaren ezaugarriak jakin dituztelako: nolako posteak jarriko dituzten, zein eremu zeharkatuko dituen proiektuak, posteetara iristeko bide berririk egin beharko den…
Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak esan duenez, «bilerak espero bezala joan dira», baina ez diete dokumentaziorik eman. «Oraindik aldaketak egon daitezkeela esan digute, eta dena zehaztu arte ez digutela informazio hori emango». Zerainen, baina, proiektuaren fotokopiak egin ahal izan dituzte.
Gabirian herritarrek ere parte hartu ahal izan dute bileran, entzule modura bakarrik, baina Ibon Elgarresta akateak zehaztu duenez, «zuzenean jakin ahal izan dute linea beraien lurretatik igaroko den edo ez».
Goi tentsioko lineak argindarra garraiatuko duen arren, lehen bilera hauek ez dira erabat argigarriak izan proiektuari dagokionez. REE-k Eusko Jaurlaritzara bideratuko du proiektua, eta hau izango da ondoren udaletara helaraziko duena. Behin proiektua jasota hilabeteko epea izango dute alegazioak egiteko.
Energiaren beharra
Edurne Albizu Zegamako alkateak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritza izan da goi tentsioko linea Gipuzkoara ekartzeko eskaera egin duena. Hala, eta REE-k emandako argudioen arabera, «Gipuzkoan dagoen energia beharra ase nahi da linearekin. Guri emandako azalpenetan esan digute egun, Gipuzkoan, behar den energiaren %30 sortzen dela. Behar hori asetzeko Nafarroan duten soberakina ekarri nahi dute, eta horretarako da proiektua», azaldu du Albizuk.
Jaurlaritzak egindako eskaeraren agiria eskatu du Albizuk, behar hori justifikatua den jakiteko. «Inguruko enpresek behar hori dutela egiaztatzen bada, baloratu egin beharko da goi tentsioko linea. Baina osasun arloan sortzen dituen arazoak ere egia badira, beste irtenbide bat bilatu beharko da, denontzat baliagarria dena», esan du Zegamako alkateak.
Behar horretan oinarrituta «justifikatzen dute» proiektu hau REE-k eta Eusko Jaurlaritzak Ugalderen ustez. «Energia hori beharrezkoa dela esaten dute behin eta berriz, eta, beraz, proiektua ere beharrezkoa dela. Linearekin Gipuzkoan dagoen energia beharraren %70 asetzea da helburua, eta horretarako eraiki nahi dute autopista elektrikoa».
Gaur egun Gipuzkoan dagoen energia gastuaren bilakaera ikusita, «10-15 urteko epean» behar hori asetzeko ari dira orain lanean REE-koak. Albizuren ustez, «epe luzera ari dira lanean, baina behar erreala zein den ez dakigu. Proiektuaren atzean zein interes dagoen ere ez, baina beharra baldin badago eta proiektu hau ez bada egokia, beste alternatiba batzuk bilatu beharko ditugu», zehaztu du.
Proiektu zehatza iritsi aurretik, eta zehaztasun guztiak jakin aurretik, hasi dira jada alegazioak prestatzen udaletan. Jaso ahal izan duten informazio apurrarekin hasiko dira lanean, ondoren denbora kontra izan ez dezaten. Bileran jasotako informazioa «oso justukoa» izan dela adierazi dute Mutiloako, Zeraingo eta Gabiriako alkateek, baina Gabirian eta Mutiloan badute proiektuaren «ideia bat» lanean jarraitzeko.
Joxe Manuel Oria Zeraingo alkatea ere gustura agertu da bilerak emandakoarekin, «orain arte baino gehiago» badakitelako. «Hitzez behintzat gure eskaerak entzuteko ere prest agertu dira, gurekin batera garatu nahi dutela proiektua esanez, baina gero ikusi egin beharko da».
Jasotakoa zabaldu
Egun hauetan jaso duten informazioa zabalduko dute orain udal ordezkariek herritarren artean. Kaltetuak izango diren herritarrekin landuko dituzte alegazioak, baina zuzenean kaltetuak izango ez direnekin ere elkarbanatu nahi dute jaso duten hori guztia. Horregatik, bihar, larunbata, Iruñeara joango dira hainbat goierritar, bertan egingo duten 400 volt 400 minutu ekimenean parte hartzera. Musika, hitzaldiak, eta ekintzak uztartuko dituzte proiektuaren aurka daudela adierazteko.
Autopista elektrikorik ez! plataformak deituta, Goierrin ere egingo dituzte ekintzak datozen hilabeteetan. Hurrengoa Seguran antolatu dute, hilaren 27rako, larunbata. Gaiaren inguruan informazioa nahi duten guztiei azalpenak emango dizkiete, eta elkarretaratzea egingo dute. Ondoren herri bazkaria. «Uste baino jende gehiagori eragingo dio proiektuak Goierrin, eta denak Seguran elkartzera animatzen ditugu», zehaztu dute.