«Euskaraz bizitzea posible dela erakutsi nahi du Uemak»
Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Euskal Herriko 69 herrik osatzen dute Uema; tartean dira Goierriko Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo eta Zaldibia. Euskararen normalkuntza prozesuan garrantzi handia dauka Uemak Axier Mujika (Arama, 1977) Aramako alkatearen eta Uemaren zuzendaritzako kideak. «Euskara biziko bada, –erdarak bezala–, nagusi izango den lurgunea behar du», dio.
Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Euskal Herriko 69 herrik osatzen dute Uema; tartean dira Goierriko Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo eta Zaldibia. Euskararen normalkuntza prozesuan garrantzi handia dauka Uemak Axier Mujika (Arama, 1977) Aramako alkatearen eta Uemaren zuzendaritzako kideak. «Euskara biziko bada, –erdarak bezala–, nagusi izango den lurgunea behar du», dio.
Martxoaren 16an Orion (Gipuzkoa) Uemak egin zuen batzarrean berriz izendatu zuten Axier Mujika aramarra, Uemaren zuzendaritzako kide.
Zer da Uema? Zein da bere funtzioa?
Euskal Herriko 69 herri elkartu gara eta denok elkarrekin euskarari bizitoki bat ematen diogu. Eta euskarak horren beharra dauka; izan ere, esaten da, hizkuntza batek bizitzeko, nagusi izango den toki bat behar duela eta Uemako herriok arnasgunea ematen diogu euskarari. Euskararen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa da. Sinergiak sortuta, gauzak errezago egiten dira.
Bi urte daramatzazu Uemaren zuzendaritzan. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Ona, oso jende ona dago. Zuzendaritzan sartu ginenean saltsa handi samarrarekin topatu ginen. Bi urteotan Uemari beste forma bat ematen saiatu gara, mugiarazten, oso estankatuta zegoen eta. Lan ona egin da eta Orioko batzarretik indartuta atera gara.
Beste bost herri gehiago ere sartu dira Ueman, besteak beste Tolosa eta Zarautz. Orain artekoak baino herri handiagoak nolabait esateko.
Zarautz da Ueman sartzeko portzentajea betetzen duen herririk handiena. Sartzea erabaki du eta oso garrantzitsua da. Ikusten da herri handiak ere ari direla sartzen; Tolosa eta Ondarroa ere sartu dira.
Orain arte herri txikiak bakarrik izan dira Uemako kide, baina pixkanaka, handiagoak ere sartzen ari dira.
Sare bat sortzen ari da, elkar laguntzen ari dira, oso itxura polita hartzen ari da eta denon onerako izango da. Herri handiek euskara zerbitzu indartsuak dituzte eta beraien esperientziak izango dituzte. Interesgarria ikusten dut.
Uemaren erronketako bat udal gehiago batzea da.
Lanik handiena egoera ekonomikoak ematen du. Uemako kide izateko kuota bat ordaindu behar da eta, horrek, herriak atzeratzen ditu. Herri batzuekin harremanak izaten ari gara eta ea lortzen dugun Uemara erakartzea.
Goierriko sei herri dira Uemako kide: Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo eta Zaldibia.
Beste herri dezentek Ueman sartzeko baldintzak betetzen dituzte. Ea animatzen diren.
Uemako kide izateko zein baldintza bete behar da?
Kuota ordaintzeaz gain, herritarren %70 gutxienez euskalduna izatea, eta Uemaren helburuekin bat egingo duen benetako borondate politikoa izatea.
Orioko batzarrean esan zenutenez, Uemako kide izateaz harro zaudete. Zergatik?
Arnasgune bateko kide izatearen harrotasunaz jabetu behar dugu, gure herriek besteei eskaintzen dietenaz kontziente izan eta harro sentitu.
‘Uema, euskaraz gara’ leloa erabiliko du aurrerantzean Uemak. Zer esan nahi du leloak?
Euskaraz bizi garela eta euskaraz bizitzea posible dela erakutsi nahi dugu. Araman, adibidez, %100ean ez nuke esango, baina gehiena euskaraz egiten dugu.
Posible al da euskaraz bizitzea?
Nahi duena euskaraz bizi da. Aramako Udalak, adibidez, ia-ia lan guztia euskaraz egiten du. Inork gazteleraz nahi badu, ezin zaio galerazi. Funtzionamendu orokorra euskaraz da. Oharrak, adibidez, euskaraz bidaltzen ditugu. Gazteleraz eskatzen duenari, hala bidaltzen zaio.
Euskaraz bizitzeak zein zailtasun sortzen dizkizue?
Horrelako herri txiki batean eduki dezakegun zailtasuna herri batzarretan sor daiteke. Euskaraz ez dakien norbait etortzen bada, bat-bateko itzulpenetarako gaitasunik ez daukagu. Baina eguneroko bizimoduan ez dago inolako arazorik.
Hemendik aurrera, herriekin egin beharreko lanketa aldatu egingo da. Herriei nota bat bezala jarriko zaie. Urtero hobetzen joateko aukera emango digu. Akuilu lana ere egiten du Uemak. Askotan erosotasunean erortzeko arriskua egoten da eta lanketa gazteleraz egiten duzu. Uemak egiten duena oso garrantzitsua da.
Uemak baliabide eta zerbitzu ugari ere eskaintzen dizkie herriei.
Herri txiki bezala oso baligarriak da Uema. Aramak, adibidez, ez dauka Euskara Zerbitzurik. Zenbait kasutarako Euskara Zerbitzu hori Uemak ematen dio modu batera edo bestera. Merkatarientzat kanpainak ere egoten dira. Ez nioke Euskara Zerbitzua deitu beharko, baina guk momentu batzutan horretarako erabiltzen dugu. Dirulaguntzak lortzeko… Guretzat probetxugarria da.