Ezkioko Ama Birjinaren aterpea inauguratu dute
Ezkioko Ama Birjinak aterpe berria du. Udalak ekitaldia antolatu du inauguratzeko eta bertan 40 bat lagun elkartu dira. Aurreskua dantzatu da eta Garikoitz Aiesta alkateak hitz batzuk esan ditu. Ondoren, mokadutxo bat eskaini zaie bertaratu diren guztiei. Bazkalostean San Migel fededun taldeko kideak elkartu dira bertan.
Aterpe berria AHTren obrak behartuta egin da. Izan ere, trenbideak lehengora heltzea oztopatuko du. Kalbarioa mantendu egin dute, baina bidea asfaltatu egin da. Hala, autoz heldu daiteke goraino.
Gainera, oinezkoentzat eskailerak egin dira. Bide hasieran, udaletxe zaharraren atzeko aldean, aparkalekuak egin dituzte eta aterpe ondoan beste bi egokitu dituzte. Bestalde, zaharrak ez bezala, berria alboetan itxita dago: beirate batek bisitariak euritik eta haizetik babestuko ditu. Aterpea lekuz aldatzeko lanen gastu guztiak Euskal Trenbide Sareak ordaindu ditu.
Udalak, berriz, aterpea egiteko lurra utzi du. Herritar askok bisitatzen dute toki hori. Izan ere, Ezkioko bi bizilagun izan ziren Ama Birjina ikusi zutela esan zutenak: Bereziartua anaia-arrebak.
Ama Birjinaren lehen agerpena 1931ko ekainaren 30ean gertatu zen eta ondoren erromesaldiak hasi ziren. Milaka lagun elkartzen ziren, baina Errepublikako agintariek eta Elizak ez zieten sinesgarritasunik eman eta Ezkioko Ama Birjinaren inguruko mugimendua zapaltzen saiatu ziren.
1933ko ekainaren 10ean Ezkion basilika bat egitea debekatu zuten eta irailean behin betiko gaitzespena iritsi zen. 1934. urteaz geroztik, Elizak eta Errepublikak toki debekatu bihurtu zuen.
Elizak ez ditu oraindik agerpenak ontzat eman, baina San Migel taldekoek gauzak aldatzea espero dute. Fraide pasiotar bat Ezkioko agerpenei buruzko liburua idazten ari da eta talde honetako kideek ekainean etorriko dela esan dute. Aterpea bedeinkatzeko eskatuko diote.