Goierritarrak sagardoaren kultura eta turismoa sustatzeko elkarte berrian
Hego Euskal Herriko lau sagardogile elkarteek eta sagardoaren eta turismoaren inguruko zenbait eragilek Bizi Sagardoa elkartea sortu dute. Bere helburua sagardoaren kultura eta turismoa sustatzea da. Partaideen artean, Ezkio-Itsasoko eta Zeraingo Udalak, Igartubeiti baserria, Zerain Dezagun fundazioa eta Aldabe Zerbitzu Turistikoak kooperatiba daude.
Egitasmo hau atzo aurkeztu zen Donostiako Aquariumean eta ekitaldian Goierriko ordezkariak izan ziren: Zerain Dezagun fundazioko Jakoba Errekondo, Aldabeko Aitziber Makazaga, Igartubeiti baserriko Kizkitza Ugarteburu, Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkatea eta Joxe Manuel Oria Zeraingo alkatea.
Elkartea Hego Euskal Herriko lau sagardogile elkarteek, Sagardogileen Federazioak, 67 sagardotegik, bederatzi udalek eta beste hainbat eragilek osatzen dute. Bere ateak sagardoaren eta turismoaren munduarekin zerikusia duten guztientzat zabalik daude.
Aurkezpen eta sinadura ekitaldian parte hartu zuten guztiek atzoko eguna historikotzat jo zuten. Izan ere, Euskal Herriko sagardoaren historian, inoiz ez da lurralde ezberdinetako hainbeste eragile elkartu dituen proiekturik gauzatu.
Sagardoa Euskal Herriko kulturaren parte izan da milaka urtetan eta aberastasun hori balioztatu eta jendearen eskuetan jartzea izango da elkarte berriaren helburuetako bat.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserriko Kizkitza Ugarteburuk garrantzitsutzat jo du elkarte berriaren sorrera. Orain arte «bakoitza bere aldetik» aritu dela eta elkarlana eta koordinazioa beharrezkoak direla aipatu du. Igartubeiti eta Zeraingo Oiharte sagardotegiak dagoeneko elkarrekin lan egiten dutela ere gogoratu du.
Izan ere, Zerainek eta Ezkio-Itsasok lotura estua dute sagardoarekin. Zerainen bi sagardotegi daude eta iaz Gaztaren eta Sagardoaren Mendia egitasmoa martxan jarri zen eta Igartubeiti baserrian garai batean sagardoa nola egiten zen ikus daiteke.