Legazpiko EH Bildu: «EAJren herri galdeketak helburu politikoak ditu»
Datorren asteburuan Atez atekorik ez, birziklapena bai plataformak deitutako herri galdeketak aldeko eta kontrako jarrerak piztu ditu herriko alderdi politikoen artean. Legazpiko EH Bilduk hitz gogorrak izan ditu galdeketaren eta «berau antolatu duen EAJ alderdiaren» aurka. PSE-EEk, aldiz, plataformak deitutako herri galdeketa «erabat» babesten duela azaldu du prentsa ohar bidez, eta euren boto emaileei «bosgarren edukiontziaren alde egiteko» deia luzatu die.
Pasa den ostiralean Legazpiko EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini zuen, hondakinen gaiak herrian sortu duen eztabaidaren inguruan bere iritzia emateko. Sotero Plazaola alkate ohia eta Eneko Iriondo Legazpiko kideez gain, ekimena babesten izan ziren Iñaki Errazkin ingurumen diputatua, Joxean Agirre Gipuzkoako Sorturen koordinatzailea eta Ohiane Zabaleta eta Mikel Biain Urretxuko eta Oñatiko alkateak. Iriondok esan zuenez, «EAJk antolatu duen kontsulta honek helburu politiko eta ekonomikoak ditu: Zubietan errausketa planta bat egitea».
EAJk atez atekoaren kontrako plataforma sortu zuela baieztatu zuen, «hori ez dugu guk esaten, plataformako kideek beraiek baizik». EAJk «konfrontazioaren bidea» hartu duela esan zuen, eta gaineratu, «hau ez dela hondakinen gaiarekin eta birziklatzearekin lotutako kontsulta bat, intentzio politiko osoa duen kontsulta bat baizik». Herri kontsulta honen helburua «Zubietan errauste planta bat egitea» dela uste du EH Bilduk. «EAJri berdin dio zer pentsatzen duten legazpiarrek. Atez atekoa %80ko emaitzak lortzen dituen sistema bat dela, eta birziklapen tasa horrekin txolloa bukatzen zaiela da beraien kezka».
PSE-EE galdeketaren alde
Kontsulta honek «ez du zerikusirik hondakinekin, errauskailuaren negozioarekin baizik». Baina EH Bildu haratago doa EAJk legazpiarrei «ez diela egia osoa kontatzen» esanez. «Esan dezala EAJk 500 milioietako errauste planta bat daukala hitzartuta zenbait enpresari eta bankariekin», gehitu zuen Iriondok.
Ez da iritzi berekoa Legazpiko alderdi sozialista. Pasa den apirilaren 9an plataformarekin egindako bileraren ostean, herri galdeketa babestuko dutela adierazi du. «Modu baketsuan eta gizalegez herritarren gehiengoak nahiago duen hondakin bilketa sistema zein den adierazteko», esan du prentsa ohar bidez. Horregatik alderdiaren boto emaileak galdeketan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta «bosgarren edukiontziaren alde» egitera.
Bere aldetik plataformak gaur arratsalderako deituta duen prentsaurrekoan emango ditu asteburuan egingo den herri galdeketaren xehetasunak. Hala ere, egongo diren bi aukeren berri eman du aurretik. Bi txartel izango dira aukeran: bat marroia eta bestea zuria. Txartel marroiak aldeko botoa plataformak egindako proposamenari ematen zaiola esan nahi du, hau da, bosgarren edukiontziaren alde eta atez ateko sistemaren kontra. Boto zuria, aldiz, udal gobernuak bultzatutako atez ateko sistemaren aldekoa izango da.
Amaitzeko, Sasieta Mankomunitateak prentsa ohar bidez adierazi duenez, udal gobernuak hondakinen bilketarako sistema zehazteko martxan jarritako parte hartze prozesuan «400 bizilagun» ari dira parte hartzen.