Atez ateko bilketa "egokia eta erosoa" da, jarrita dagoen hiru herrietako alkateen esanetan
Hondakinak biltzeko atez ateko bilketa sistema jarrita duten Goierriko lehen hiru herrietan balorazio positiboa egin dute alkateek. Bikoiztu baino gehiago egin da bereizita jasotzen dituzten gaien ehunekoa. Zaldibian %34ko birziklatze tasatik %78ra igaro dira eta Legorretan %33 izatetik %72ra. Itsasondon %83ko tasa lortu dute, baina hori lehen zuten sistemaren tasatik beherago dago (%88 zen). Baina “jende gehiagoren parte-hartzearekin” lortu dela nabarmendu du alkateak, eta lehenagoko ehunekoaren egiazkotasuna “zalantzan” ipini du.
Hiru herritako alkateek poza, harridura eta esker ona dituztela esan dute, gaur, Sasieta Mankomunitatearekin batera Legorretako udaletxean egindako agerraldian. Martxoaren 21ean hasi zen atez atekoa Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian.
Emaitza «oso pozgarriak» direla esan du Sasietaren lehendakari Azeari Andonegik. «Hiru herriotan 40 puntu hazi da ehunekoa. Erabakiekin asmatu dugu, emaitza hobeak, eta gastu bera edo merkexeagoa lortzen delako».
Mankomunitate mailan —Goierriko 22 herriak daude— %38an dago birziklatze tasa. Hiru hilero ateratzen dute datua, eta atez atekoaren eragina zenbaterainokoa izan den jakiteko ekainekoari itxaron beharko zaio.