Goierriko gazte dezente gerturatu da Donostiara 8 gazteei babesa ematera
Donostiako zortzi gazte zigortuak atxilotzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Eleak mugimenduak jakinarazi eta Ainhoa Baglietto abokatuak BERRIAri baieztatu dionez. Auzitegi Gorenak atzo zortzi berretsi zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako seina urteko espetxe zigorra, eta atzo eman zuten atxilotzeko agindua. Edozein unetan atxilotu ditzakete.
Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi zigortu zituen auzitegiak, Segiko kide izatea egotzita. Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi absolbitu egin zituen.
Donostiako Bulebarrean dagoen Aske Gunera joateko deia egin dute, “herri harresia eraikitzea delako gazteak eramaten ez uzteko bide bakarra”. Bertan dira zigortutako gazteak. Egunero, taldeka lagundu dituzte etxetik Aske Gunera eta handik etxera.
12:00etan elkarretaratzea izango da Aske Gunean. Aske Gunean egun osoan zehar izango dira aurrerantzean, lo ere gazte zigortuekin egingo baitute herritarrek.
Irudian Aske Gunera gerturatu diren gazte goierritarrak.