Parte hartze prozesua abian jarriko da Errebote eraikinarekin zer egin erabakitzeko
Segurako Udalak 1,4 milioiko aurrekontua onartu du, iaz baino %9,8 gutxiago. Bilduko bost zinegotziek alde bozkatu dute eta Segura Lantzeneko lauak abstenitu egin dira. Ongizatearekin, osasunarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten batzordeetan ez da murrizketarik egin. Egitasmo nagusiak lau dira. Uda aurretik atez ateko zabor bilketa martxan jarriko da eta, gainera, madura edo eraztun berdea ezagutzera emango da, Errebotearekin zer egin erabakiko da eta langile bat kontratatuko da.
Eluska Gerriko alkateak diru gehiena gastu arruntetan joaten dela esan du. Hala ere, Segurako Udalak egitasmoetarako kopuru bat gordetzea lortu du.
Errebote eraikinari dagokionez, aurrekontuko 5.000 euro edifizio horrekin zer egin aztertzeko erabiliko dute. Prozesu parte hartzailea martxan jarriko dute eta herritarrekin elkarlanean hartuko da erabakia. Helburua, segurarrek erabakitzen duten hori datorren urtean bertan egitea da.
Errebotea 80ko hamarkadan eraiki zen eta, egun, oso gutxi erabiltzen da: postariaren bulegoa eta baserrietako buzoiak daude bertan. Komunak itxi egin ziren, zenbait herritarrek txikitu egin zituztelako. Garai batean eskulan ikastaroak emateko ere erabili zen, baina egun eraikina egoera txarrean dago.
Gerrikok eraikin «disfuntzionala» dela aipatu du. «Irisgarritasun eta hezetasun arazoak ditu. Hori dela eta, lehenbailehen postariari beste lokal bat ematea komeni da».
Bilduk bere programan Errebotea aipatzen zuela eta herritarrek plaza ondoan dagoen edifizio hau ez dutela batere gustuko gogoratu du. «Izen handiko arkitektu batek egin zuen, baina ez da herritarren gustukoa. Oso kritikatua da. Urte amaieran herritarrei inkesta bat bidali genien etxera eta erantzun zutenen %93ak eraikin hori botatzeko eskatu zuen», esan du.
Alkatearen ustez, herri erdian dagoen eremu horri ez zaio behar bezalako erabilpenik ematen. «Espazio hori hobeto aprobetxatu nahi dugu, plaza luzatzeko edo aterpe bat egiteko. Izan ere, Txanbolinpe eta pilotalekua dira herriko aterpe bakarrak».
Udalaren beste helburu bat madura edo eraztun berdea ezagutzera ematea da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta Europaren 132.000 euroko diru-laguntza jaso du. «Segura Erdi Aroko herria delako da ezaguna, baina bere natur baliabideen bitartez ere promozionatu nahi dugu. Diru-laguntza honekin madurako ibilbidea osatu eta zabalduko dugu. Gainera, landaketak eta garbiketak egingo ditugu. Turismoa eta ingurumena uztartu nahi ditugu, beste bisitari mota bat erakartzeko», aipatu du Gerrikok.
Horretaz gain, Segurako Udalak pertsona bat kontratatuko du sei hilabeterako. Izan ere, brigadak bi langile ditu eta ez da nahikoa konponketa lan guztiak egiteko. «Pilotalekuak, adibidez, lan handia ematen du. Izan ere, talde asko pasatzen dira bertatik urte osoan zehar».
Segurarra izatea eta euskara jakitea izan ziren udalak jarri zituen baldintzak eta 19 lagunek eman dute izena: 17 gizonezkok eta bi emakumezkok. Datozen egunetan erabakiko dute lanpostua nori eman eta maiatzean hasiko da lanean. Eskatzaileek bi proba egin beharko dituzte: batean lanean abilak direla erakutsi beharko dute eta bestean euskaraz hitz egiteko gai direla. Azkenik, test psikoteknikoa egingo dute.
Espero baino askoz ere jende gehiagok eman du izena. «Brigadakoek duela sei urte langile bat lortzeko herritik kanpora jo behar izan zutela aipatu dute», azaldu du alkateak.