San Benitoren 50. urteurreneko ekitaldiak «ezin hobeto» hasi dira
Uda giro bete-betearekin, eta San Benito ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldiak hasteko gogotsu, ehunka lazkaotarrek parte hartu zuten, herenegun, ibilaldietan. Eguzki gozotan, Lazkaoko bazter asko zeharkatu zituzten bi bideetan ibili zirenek; hiru orduko ibilia zortzi urtetik 16ra artekoentzat, eta motzagoa umeentzat.
Uda giro bete-betearekin, eta San Benito ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldiak hasteko gogotsu, ehunka lazkaotarrek parte hartu zuten, herenegun, ibilaldietan. Eguzki gozotan, Lazkaoko bazter asko zeharkatu zituzten bi bideetan ibili zirenek; hiru orduko ibilia zortzi urtetik 16ra artekoentzat, eta motzagoa umeentzat.
Goizean 08:30ean, 125 haur eta gaztetxo abiatu ziren ibilaldi neurtuan, gurasoekin eta laguntzaileekin tropel mardula osatuz. Begiristain, Atxubieta, Lazkaoetxe eta Amundarain baserrietan barrena ibili ziren, 10 kilometroko biran. Askok aitortu zuten paraje ezezagunak zitzaizkiela, eta herria gehiago ezagutu zuten.
Hamarretan, zortzi urtetik beherakoentzat txangoa hasi zen, hura ere plazatik. 210 umek eman zuten izena. Enparandegitik gora, Imaz baserrira igo ziren.
Bukaeran, plazan, festa giroa sortu zen. Opariak zotz egin zituzten —errotulagailuak, kamisetak, afariak…—, eta eskaladan aritzeko aukera izan zen pilotalekuaren hormako harrietan. Oreka zirkuitua ere jarri zuten. Joxe Mari Lasa legorretarrak prestatutako puzzle erraldoia osatu zuten haurrek, logotipoa zuena.
Antolatzaileak gustura ziren igandeko txangoek emandakoarekin. «Aurretik lan asko egin da antolaketan, gure ustez ondo. Eta eguraldiak ikaragarri lagundu du. Ibilbidea zoragarria izan da, askorentzat ezezaguna. Denok gustura geratu gara, ezin hobeto atera delako», zioen Joxe Antonio Aldanondo Ttantton-ek.
Ikastolaren zuzendari Josune Aranburuk lehen ospakizun ekitaldia «borobila» izan dela baloratu du. «Parte-hartzea ikaragarria izan da, giroa lagun. Gurasoei eskertzekoa da, animatzeagatik».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.