Txindokiko neskak hirugarren izan dira Euskadiko klub artekoan
Aurreneko aldiz parte hartu, eta hirugarren bukatu. Horixe da Txindoki-Jaso atletismo taldeko neskek Anoetako estadio txikian asteburuan jokatu den Euskadiko klub arteko txapelketan lortu duten emaitza. Nesken helburua parte hartzea zen, ondo pasatzea, eta noski, ikastea ere bai, gehien-gehienak oso gazteak baitira. Bederatzi klub aritu ziren lehian, eta Donostiako Atletiko eta Durangoko Bidezabal soilik geratu ziren goierritarrek aurretik. Donostian bildutakoek zoriondu egin zituzten Txindokiko neskak, balentria egin baitzuten.
Klub arteko txapelketetan berebiziko garrantzia du atleta guztiak ondo ibiltzea, denen puntuak hartzen baitira kontuan. Janire Agirrek, esaterako, 400 metroko proba irabazi zuen 59:14ko denborarekin, eta Durangon jokatuko den Espainiako Jubenil mailako txapelketan aritzeko gutxieneko denbora lortu zuen.
Ainhoa Argandoña bigarren izan zen 200 metrokoan (26:78, gutxieneko denbora Durangorako), eta postu bera lortu zuten 4×100 errelebokoek, Itsaso Estalak 100 metrokoan, Maria Ibañezek 1.500ekoan, Sara Insaustik 3.000 metroko oztopoetan, Alba Torresek pistu jaurtiketan eta Marina Etxeberriak diskoan.
Mutilek mailari eutsi
Mutilek, berriz, ez zuten proba bakar bat irabazi, baina gutxienez mailari eustea lortu zuten zazpigarren sailkatuz. Bederatzigarren urtea dute maila gorenean. Tolosa da maila galdu duen kluba. Nabarmentzekoak dira Eneko Agirrezabalek 1.500 metrokoan eta Imanol Erauskinek xabalinan lortutako bigarren postuak.