Autokarabanentzat gunea eta 110 autorentzat lekua egokituko dituzte Igartzan
Beasaingo Udalak Igartza auzoan dagoen aparkalekua berritzeko asmoa du. Hasiera batean egun dagoenari berritu bat emateko asmoa bazegoen ere, herritarren eskariei erantzunez 110 ibilgailurentzat lekuak eta autokarabanentzat zerbitzu gune berezi bat izango ditu. Autokarabanentzat aparkaleku handi bat egongo da (mapan gurutze batekin). Bertan, ur grisak eta beltzak botatzeko aukera egongo da. Horrez gain, beste gune batzuetan erositako fitxa batzuk erabiliz, ura eta elektrizitatea hartu ahal izango du nahi duenak. Fitxak erabiliz, txanponak erabiliz sortu zitezkeen lapurreten arriskuak ekidin nahi dira.
300.000 euroko aurrekontua
Hasiera batean Igartzako aparkalekua eraberritzeko 200.000 euroko aurrekontua bazegoen ere, obra osoagoa izango denez, 300.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten du udalak. Horregatik, aurrekontuetan aldaketak egin beharko dituzte.
Proiektu hau lehiaketara aterako dute, eta behin zein enpresari eman erabakitzen dutenean, hilabete bat edo bitan egitea aurreikusten dute. Obrak aurrekontuak noiz onartzen direnaren arabera hasiko dira, baina gutxi gorabehera uztailean edo abuztuan hastea aurreikusten du Beasaingo Udalak.
Igartzako parking honek izango duen autokarabanentzako gune berri honekin, Goierrin autokarabana-turismoa egiten dutenen munduan erreferentzia puntu bat gehiago bihurtu nahi da Beasain eta, era berean, herriko autokarabanentzat ere baliagarria izango da.
Aparkalekuan energia aurrezteko LED motako argiteria jarriko dute eta uraren eta elektrizitatearen irteerak ere izango ditu.