Beasaingo gazteen sorkuntza lokalak berrituta eta martxan
Atzo egin zen Beasaingo gazteen sorkuntzarako zentroko partehartze prozesuko azken bilera. Udalak lokal hauen erabilera errebisatu, araudi minimo bat finkatu eta jende berriari lekua emateko asmoz hasi zuen prozesu hau eta, zegoen lekua aprobetxatuz, 29 lokal berrantolatu ditu. Hiru bilera egin dira orain artean eta atzokoarekin amaitu dute prozesua. Gehienak 23-25 metro karratukoak badira ere, antzerki taldeari, esaterako, 100 metro karratuko lokala utziko zaio. Lokaletako ateak txartel elektroniko baten bidez irekitzen dira, eta askok arazoak eman badituzte ere, arazoa konpontzeko bideak jarri dituzte Udalekoek jada.
Prozesuaren hasieran, lokalak nahi zituzten talde guztiek proiektuak aurkeztu zituzten, datozen bi urte hauetan eskatzen zuten lokalari eman nahiko lioteken erabileran oinarrituz. Horrez gain, “herriak lokal hauek uzten dizkietenez, eurek ere herriari zerbait emateko konpromezua” hartu dutela antolatzaileek. Herriari urtean lokaletan sortutakoaren bi erakustaldi emateko konpromezua hartu dute gazteek.
Partehartze prozesuan “talde dezentek” parte hartu dutela diote antolatzaileek. Erabiltzaileak partehartze prozesuarekin “gustura” gelditu dira, baina “lokalen barruan ezin erretzea, jatea eta edatea” da erabiltzaileen kexua. Horretarako, lokalen erdian dagoen leku komun bat egongo da, gazteek nahi duten erara kudeatzeko.