Isidro Alvarez, Legazpiko alderdi sozialistako idazkari nagusia eta Osacar Valbuena eta Roberto Alonso zinegotziak agerraldi publikoan.
Legazpiko PSE-EEk biharko eta etzirako deituta dagoen herri galdeketari «babes osoa» ematen diola adierazi du publikoki. Zenbait bizilagunek martxan jarritako ekimen hau «herritarren benetako parte hartze prozesua» da sozialisten iritziko. Udal gobernuari buruz, «akordioetara iristeko borondate politikorik erakutsi ez izana» leporatu dio, eta «ezker abertzaleak hondakinen gaiarekin sortu duen arazoari irtenbidea emateko bide bakarra herri galdeketa» dela ondorioztatu du.
Horregatik, herri galdeketaren antolakuntzan «plataformarekin lan egiteko» bere asmoa agertu du, baina ez dutela ikuskatzailerik izendatuko adierazi dute. Bide batez, «gure boto emaileei, afiliatuei eta jarraitzaileei galdeketan parte hartzeko deia» luzatu diete, «askatasunez» nahiago duten hondakin sistema zein den adierazteko.
Edukiontzi marroiaren alde
Atez ateko sistemari aurre egiteko herri plataformak «garatu dituen teknikak» begi onez ikusten dituzte, eta horregatik, «asteburuko ekimenak gure babesa merezi duela uste dugu eta Bilduk inposizioa ez dela inoiz gobernatzeko modu on bat izan ulertu behar du», gaineratu dute sozialistek.
Beste behin, organikoa gaika biltzeko bosgarren edukiontziaren «defendatzaile irmoak» direla berretsi dute Legazpiko PSE-EEtik. Sistema horrekin «modu esanguratsuan handituko liratekeelako egungo birziklatze tasak». Bosgarren edukiontzia, «garbiagoa, erosoagoa eta merkeagoa» dela uste dute, atez ateko sistema, aldiz, «zikina, deserosoa, antiestetikoa, garestia eta herritarren nahiaren kontrakoa» dela esan dute.
Legazpiko udal gobernua osatzen duen ezker abertzalearen aurka ere hitz gogorrak izan dituzte. «Ezker abertzaleak ezin du Legazpi talka egoera honetara eraman, hondakinak bezalako gai batengatik. Gobernatzea entzutea da, ez inposatzea. Gobernatzea akordioetara iristea da, ez inposatzea. Gobernatzea, malgua izatea da, ez inposatzea. Bildu erakusten ari den jarrera zorrotzak hautestontzietan erantzun bat merezi du», amaitu dute.