![pnga_erakutsi](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/04/pnga_erakutsi22.gif)
Nahi eta ezina bizi izan dute baratzeko lanak egiten dituztenek aurtengo udaberri hasieran. Bizibidetzat nekazaritza dutenak kezkaz, eta zaletasunez edota etxerako lain egiten duten horiek, berriz, gogoa bai baina eguraldiak uzten ez! Atzo ia buelta hartu zuen kontuak; landare saltzaileek esku bete lan izan zuten. «Gaur kontu gutxi eta lanari ekin» zioen Patxi Izagirre Montesekoak. Esther Illarramendi eta Esther Insausti ama-alabak ere jendeari txandan-txandan eskatutakoa eman eta eman aritu ziren; gisa berean Lazkaoko Bionakoak ere. Bide batez, bakoitzak bere ohiturak eta usteak kontatzen zizkien bezeroei. «San Prudentzioko aste hori izaten zen garai batean hemen Ordizian tomateak landatzeko astea, orduantxe saltzen zen gehiena» Izagirreren hitzak, ezagutuak kontatuz, 30 urtetik gora baitaramatza Ordiziara etortzen. Edota Gabiria aldeko kontuak: «gure auzoko etxekoandreak urte guztian izaten zuen porru freskoa jateko prest, noiz nahi landare txikiak aldatzen baitzituen». Erosi ez ezik, ikasi ere asko ikas daiteke belarriak erne izanez gero.
Hasi dira babak ugaritzen, normalean ilarra izaten da lehenbizi eta ondoren baba baina aurten ez da hala gertatzen ari. Oraindik apur batzuk besterik ez baina baba nagusi da. Datorren astean, bai ilar eta bai baba postu dezentetan salgai izango deneko esperantza eman digute. Aldiz datorren udazkenera arte ahaztu behar ditugu hemengo kiwiak eta bruselazak ere.
Ziza garaia bete-betean
Aurten berandu hasi bada ere, ugari izango deneko susmoa hartua diote batzuk, eta halakoak entzun ziren azokan: «lurra ez da hoztu eta hezetasun handia dagoenez, izango da». Halere, atzo hemen inguruan bildutako 4 bat kilo besterik ez zegoen. Guztira kopuru handia zen salgai, hiru postu ezberdinetakoak batuz, 245 bat kilo (kiloa 20 eta 50 euro artean). Zizahori kiloa ere bazen salgai, 15 euroan.
Fresia lorea tentagarri
Lore postuen edertasunak berez hitz egiten du. Atzokotik bat azpimarratzekotan Fresia aipatuko dugu; moztuta 4 euroan zen salgai sorta, landarea berriz, 7 euroan, perfume usain gozoa zeriola.