Ormaiztegiko Udalak kultur etxeko habeak aldatu behar ditu
Ormaiztegiko Udalak aurtengo aurrekontua onartu ditu, Bildu eta Orbelen aldeko botoekin. OHTk, berriz, aurka bozkatu du. Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua eta herriko elkarteei eskaintzen zaizkien diru-laguntzak mantendu ahal izateko, iaz baino %23 gutxiago bideratuko da inbertsioetara. Obra nagusia kultur etxean egingo da.
Rosa Mari Urkia alkateak kultur etxeko habeak aldatu behar dituztela aipatu du. «Eraikin ederra da, baina zaharra ere bai. Hori dela eta, habeak ustelduta daude. Berriak jarri behar ditugu».
Inbertsio gehiago ere aurreikusi dituzte. Luiziek Ojarbiko bidean kalteak eragin ditu eta konpondu beharra dago.
Gainera, Arantxa tabernatik gertu dagoen Iberdrolaren postea mugituko dute. Izan ere, errepidetik oso gertu dago eta enbarazu egiten du. Herrigunetik urrunduko dute eta, hala, inguru horretan zortzi aparkaleku gehiago lortuko dituzte. Aparkalekua txukuntzeko aprobetxatuko dute.
Bukatzeko, liburuak erosiko dituzte liburutegirako. Urkiak inbertsioetarako diru gehiago edukitzea gustatuko litzaiekeela onartu du. «Aurten 77.000 euro ditugu eta iaz 101.000 euro izan genituen».
Diru gehiagorekin, pilotalekua erabat berrituko lukete. «Oso gaizki dago. Arazo handiak ditugu, baina zoritxarrez mantenu lanak bakarrik egin ditzakegu. Itoginekin bukatzen saiatu behar gara, baina frontoiak erabateko zaharberritzea behar du. Foru Aldundiari laguntza eskatu diogu. Dena den, ez dut uste zaharberritzea legealdi honetan egin ahal izango denik. Zaila izango da, gainontzeko erakundeek ere ez baitute diru asko gauza hauetarako».
Inbertsioak murriztuz, Gizarte Zerbitzuetan murrizketak egitea saihestu dute. «Diru-laguntzak mantendu ditugu. Hori da gure lehentasuna».
Aurrekontua asteazkeneko udalbatzan onartu zen. Hasi aurretik, atez atekoaren aurkako plataformak kontzentrazioa egin zuen udaletxe aurrean. Barruan, aurrekontua onartzeaz gain, gaikako hondakin bilketa sistema berri eta eraginkorrago bat ezartzearen aldeko erabakia hartu zen. Udalak atez ateko bilketa uztaila erdialdean hastea espero du.
Etorkizunera begira, ingurumenarekin lotutako beste egitasmo bat du eskuartean udalak: herritik kamioi gutxiago pasatzea gustatuko litzaioke. «Egunero Mutiloako Cespa zabortegira doazen 80 bat kamioi pasatzen dira herrigunetik. Zabortegia Mutiloako lurretan dago, baina kamioiak Ormaiztegitik pasatzen dira. Dagoeneko Cespa enpresako zuzendariarekin, Mutiloako alkatearekin eta Aldundiarekin elkartu gara».
Kamioilariak Liernitik joatea behartu ditzatela eskatu dute. «Horretarako errepidea zabaldu behar badute, zabaldu dezatela». Urkia oso haserre dago. «Egunero 80 kamioi pasatzen dira, bi aldiz bakoitza. Hori astakeria da. Zarata, kiratsa eta kea jasan behar ditugu. Gainera, hondakin arriskutsuak dira eta errauskailua egingo balute bertako hondakinak Mutiloara ekarriko lituzkete. Pentsa zenbat kamioi pasako liratekeen orduan!», amaitu du.