
Bi jardunaldi besterik ez dira falta Espainiako Ohorezko Mailako liga erregularra bukatzeko, eta oraindik erabat zehazteke daude play off-etako kanporaketetan zer taldek jokatuko dute elkarren aurka. Ampo Ordizia laugarren sailkatuak (63 puntu) eta El Salvador bosgarren sailkatuak (61 puntu) partida garrantzitsua jokatuko dute bihar Altamira estadioan, 16:00etan.
Ordiziak irabazten badu laugarren postua ziurtatuko luke, eta play off-etako lehen kanporaketa etxean jokatuko luke. Galduz gero, koska bat behera egingo luke sailkapenean, eta ligako titulurako borrokan zaildu egingo litzaioke play off-etako partida etxean jokatzea. Irabazi ezean, oso litekeena da biharkoa izatea Ampo Ordiziaren denboraldi honetako etxeko azken partida.
«Ez dago dudarik Gernikan partida on bat egitetik gatozela, eta Kopako finala jokatzeko saria eskuan daukagula, baina gehiago ere nahi dugu, liga duin bat egin nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa zaigu El Salvadorri irabaztea, eta noski, baita zaleen babesa ere», adierazi du Axio Araña entrenatzaileak. Santos Regil zuzendari teknikoa harago doa, eta irabazi ez ezik, puntu gehigarria lortzea premiazkoa iruditzen zaio: «Puntu hori lortuz gero, biharkoa ez da izango etxean jokatuko dugun azken partida».
Kopako finalerako aukerak
VRAC Quesos Entrepinarenesen aurka maiatzaren 5ean (13:00) Santanderko El Sardinero zelaian jokatuko duen Espainiako Kopako finalaren harira, klubaren webgunean jarri du zuzendaritzak partidara joateko dauden aukerei buruzko informazioa.