«Euskadiko errekorra nire entrenatzailearena zen, nik kendu diodan arte»
Gari Garmendiak (Idiazabal, 1998) etorkizun oparoa du atletismo munduan. Ordiziako Txindoki Grupo Jaso taldeko kidea da.
Nolatan halako kirol zaletasuna?
Familiatik datorkit. Ama trontzalaria izan zen eta Euskal Herriko txapelketa bi aldiz irabazi zuen. Aita, berriz, Idiazabalgo herri kirol taldeko entrenatzailea izan zen eta aizkora apustu batzuk egin zituen. Anaiak eskubaloian jokatzen du.
Zein kiroletan aritu zara orain arte?
Futbolean, pilotan eta atletismoan aritu naiz orain arte. Urteen poderioz, pilota utzi egin nuen eta futbola uztera noa.
Zergatik egin duzu atletismoaren aldeko hautua?
Orain arte zalantzak izan ditut, baina garbi ikusi da atletismoan hobeto moldatzen naizela.
Pisu jaurtiketa egin al duzu beti?
Jaurtiketa mota guztiak probatu nituen, eta pisuarekin eta jabalinarekin gelditu nintzen. Jabalinan ere marka ona dut: 46 metro eta 92 zentimetrokoa. Pisuan, berriz, 16 metro eta 27 zentimetrokoa.
Zeintzuk dira zure emaitza onenak?
Iaz Espainiako jabalina txapelketan laugarrena izan nintzen, eta pisu jaurtiketan hamabigarrena. Aurten, ordea, Espainiako txapelketa irabazi dut pisu jaurtiketan. Bigarrenari bi metro atera dizkiot. Espainiako markatik 40 zentimetrora gelditu naiz.
Entrenatzailea gustura egongo da zurekin.
Hodei Lopez legorretarra da nire entrenatzailea. Bera ere oso ondo aritu zen pisu jaurtiketan. Espainiako txapelketa askotan irabazi zuen eta Euskadiko errekorra berea zen, nik kendu diodan arte.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Teknika aldatu dut, etorkizunera begira: orain arte jaurtiketa lineala erabiltzen nuen eta orain birakariarekin hasi naiz. Hori dela eta, aurten ez dut emaitza oso onik espero. Atenasko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Manolo Martinezek bide onetik noala eta inguruan jende ona dudala esan dit.