Itsasondon bibliotekako liburu zaharrak saldu egingo ditu udalak
Itsasondoko Udalak udal liburutegi publikoa ere berritu egin du, udaletxea eraberritzeko proiektuaren barruan. Biblioteka berria osatu dute, eta «hainbat eta hainbat» liburu kaxetan sartuta gelditu zaizkienez, horiei irtenbidea emateko saldu egingo dituzte.
Prezio sinbolikoa izango dute, ordea. Liburuaren nazioarteko eguna asteartean dela baliatuz, liburutegian lekurik gabe geratu diren funtsak salduko dituzte aste osoan zehar. Ekitaldi gehiago ere antolatu ditu udalak.
Toki faltagatik edo zaharkituta daudelako, herritarrei eskainiko dizkie udalak liburuak. «Ez ditugu zaborretara bota nahi, eta herritarrei aukera eman nahi diegu, liburu horiek eskuratzeko», dio udalak.
Liburu salmenta astelehenetik ostiralera udaletxean egingo dute, goizez, udaletxeko bigarren solairuan. Bost liburu 3 euroren truke emango dituzte. Gazteria Sailak antolatu du merkatua, eta ludotekako nahiz gaztelekuko haurrak dira arduradunak.
Bestetik, asteazkenean haur liburuaren azoka txikia egingo dute. Bi liburu jostailu baten truke hartu ahalko dira. Azkenik, ostiralean liburu azoka plazan egingo dute, 17:00etatik 19:30era. Gaztelekuak antolatu du hori.