Apirilaren 3an hogei urte bete ziren Joxe Migel Iztueta
Lazkao Txiki hil zela. Pazko astea izanda, urtero data inguru horretan omenaldia antolatzen dietenek aste batzuk atzeratu dute, aurten. Igandean izango da
Lazkao Txiki gogoan ekitaldia, 12:30ean, bertsolariaren izena duen Zelaian, haren eskulturan.

Iazko omenaldiaren une batean, Lazkao Txikirekin kantatuak diren hiru bertsolari: Mikel Mendizabal, Euxebio Igartzabal eta Iñaki Murua./Aimar Maiz
Oin Arin dantza taldeak, Lazkaotxiki musika eskolak, Goierriko bertso eskolak, Lazkaoko Udalak eta Gerriko kultur elkarteak osatuko dute ekitaldia. Musika, dantza eta bertso ugari plazaratuko dituzte. Musika eskolakoek, adibidez, solfeoko ikasle guztiek Oskorriren Umepourria abestuko dute, bandak lagunduta.
Trikitilarien eta konbo taldeak ere parte hartuko dute. Bukaeran erromeria izango da.
Bertso-afaria gaur Lartxain
Lazkaomendin, gaur, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita bertsolariekin afaria izango da. Lartxai elkartean da, 20:30ean. Menua (txorizoa, txerri saihetsa, bakailaoa, mamia) 22 euro da. Izena aurrez eman behar zen. Lartxai eta Gerriko elkarteek, eta Lazkao Txiki Taldeak antolatu dute.