Lazkaok festen atariko asteburua ere jai giroz berotuko du
Astebete barru hasiko dira San Prudentzio jaiak, Lazkaon. Egitaraua, ordea, gaurtik bertatik hasiko da biraka. Jai giroko hainbat ekitaldi izango dira asteburuan, bertsolaritzarekin lotuak batzuk, edo txosnetan izango direnak.
Berrikuntza bat Gazte Asanbladak ekarri du. Herriko merkataritza indartzen lagundu nahian, Lazkaoko dendari batzuekin zozketak antolatu dituzte. Aste honetan eta hurrengoan, bertako dendetan erosten duten bezeroek txartelak jasoko dituzte. Dendariek sariak eta opariak emango dituzte, eta apirilaren 29an zotz egingo dituzte, plazan.
Denda hauetan eskuratu litezke errifak: PhotoGrafik, Jesika, Gurea, Zutarri, Nare, Garaiz, Ana Belen, Andere, Txukun, Lorena, Artano, Huerta del Pais eta Lazkaon elkarteko kide guztietan.
Txosnak San Prudentzio eskola aurrean egongo dira, karpan. Gazte Asanbladak, Herrirak eta Sortuk jarri dituzte. Gaur 20:00etan presoen aldeko bilkura egingo dute, eta gauean txokolate jana. Bihar 18:00etan patata-tortilla lehiaketa dago. Zartagia eta tresnak norberak eraman behar ditu. Amebin bi afari da saria.
Beste berritasun bat festetako argazki lehiaketa da. Jaietan zehar atera behar dira irudiak, gero udalera bidaltzeko. Gehienez lau entrega litezke. 150, 100 eta 50 euroko hiru sari jarri ditu Udalak.
Afizionatuen txirrindu karrera
Eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuek Lazkaoko 70. Proba lehiatuko dute, bihar. Euskaldun torneorako baliagarria da. 10:00etan hasiko da, eta 13:20 alderako amaitu.
Ibilbideak 132,5 kilometro ditu. Larraitz, Lazkaomendi eta Urkillaga (bukaeran) igoko dituzte.