«Liburuzainaren ametsa baliabide gehiago izatea da, mamua murrizketak»
Irene Gonzalez (Zumarraga, 1971) Zumarragako Udal Liburutegiko arduraduna da. Liburuzaina bera, Historia eta Geografia ikasketak egin zituen Salamancan (Gaztela), jarraian Bibliotekonomia eta Dokumentazio masterra burutu zuen EHUn. Zelai Arizti kultur etxeko liburutegia eraiki aurreko udal liburutegi zaharreko arduraduna ere izan zen.
Zergatik egin zinen liburuzain?
Salamancan Bibliotekonomia ikasketak egiten ari zen jendea ezagutu nuen, eta aukera interesgarria iruditu zitzaidan; egia esateko, nik hautatutakoa baino interesgarriagoa. Beti izan naiz liburutegi erabiltzailea, eta lan polita izan zitekeela pentsatu nuen; liburu artean, jendearekin hartu emanean… Karrera amaitu berritan bibliotekonomia masterraren berri izan nuen, eta matrikula egin nuen.
Zelai Arizti kultur etxeko liburutegi berriarekin zer irabazi zuten zumarragarrek?
Zumarragarrek zein urretxuarrek irabazi zuten. Espazio argitsuagoa eta zabalagoa, hirigunean kokatutako gunea, eta liburu maileguaz gain, zerbitzu gehiago eskaintzen dituena: hemeroteka, Internet, mediateka… Liburu funtsa ere handitu dugu, eta haurren txokoa ez daukagu saltzeko.
Liburuzainaren begietara ba al dago irakurlearen profilik ?
Edozein liburu egarriz irakurtzen duen irakurlea dago, asko irakurtzen duena baina beti genero berbera aukeratzen duena –historia nobela, erromantikoa, beltza, komikiak…–, liburuak oporraldietarako baino hartzen ez dituztenak edota ikasketekin lotutako irakurgaiak hautatzen dituztenak.
Zer irakurtzen dute Zumarragako liburutegiko bazkideek?
Helduek best seller-ak irakurtzen dituzte batik bat. Liburu bat modan jarriz gero, hilabetetako itxaron zerrendak sortzen dira. Liburutegi berriko komiki sailak sekulako arrakasta dauka, eta itzela da haurren sailak duen harrera; umeentzat espazio berezia izatea gauza handia da.
Zeintzuk dira haurrek gehien hartzen dituzten liburuak?
Txikienei Txominen bilduma asko gustatzen zaie. Koskortzen diren heinean, Kika supersorgina eta Geronimo Stilton ere gustukoak dituzte. Liburutegian dauden ilustratutako bildumetan altxor bat baino gehiago dago, eta horiek ere asko irakurtzen dituzte.
Zein irizpide erabiltzen duzu liburuak erosterakoan?
Argitaratu berri diren liburuak erosten ditut, erabiltzaileen iradokizunei kasu egiten diet, beste liburutegietako katalogoei erreparatzen diet, eta sare sozialetan argitalpenek duten oihartzuna kontuan izaten dut; egun, Internet dela-eta, irakurgaiak aukeratzeko zeregina amaiezina bihurtu daiteke.
Egia al da liburutegia arauez betetako tokia dela? Ezin da jan, isilik egon behar da…
Espazio itxia da liburutegia, bertara doazenek gutxieneko isiltasuna behar dute irakurtzeko zein ikasteko. Arauak ezinbestekoak dira. Ezin da liburutegian jan, baina zertan bilakatuko litzateke liburutegia haurrek askaria egingo balute? Helduek haurrei liburutegian ipuinak irakurtzea ikaragarri gustatzen zaigu, hala ere, heldu horri sen onak agindu beharko dio umeari ipuina oihuka ez irakurtzea. Zarataka ibiliko da 3 urteko haurra normala denez, baina ordu laurden egonda nahikoa izango du, eta gurasoak, sen onari jarraituta, liburutegitik aterako du. Liburutegian sakelakoa isiltzea ere ez da lan zaila, ezta?
Liburuzaina izanda, zer da liburua zuretzako?
Liburua bidaidea dut, liburuek hunkitu eta dibertitu egiten naute, eta ikasteko aukera ere eskaintzen didate. Tira, batek edo bestek aspertu ere egiten nau, baina horiei aukera gutxi ematen diet eta azkar asko uzten ditut; izan ere, irakurtzea, lehenengo eta behin, gozamena da.
Gero eta irakurle gehiago dagoela esango zenuke?
Nire ustez, inoiz baino gehiago irakurtzen da egun. Ez da, baina, liburutegiei esker soilik, sareari esker gehiago irakurtzen dela esango nuke. Blogak irakurtzen ditugu, sare sozialen eguneraketak, e-postak, Whatsapp hor dago… Liburu irakurleei dagokienez, liburutegian ikusten dudana oinarri, irakurtzen dutenek asko irakurtzen dutela esango nuke.
Zeintzuk dira liburuzainaren ametsa eta mamua?
Ametsa baliabide gehiago izatea, eta mamua murrizketak.