
Alex Saldaña (Ordizia, 1967) kazetariak
Ni por todo el oro del mundo nobela aurkeztu du gaur Barrena kultur etxean. Saldaña Tarragonan bizi da gaur egun eta Diari de Tarragona egunkariko zuzendariordea da. Gaur goizeko aurkezpenean Aintzane Bolinaga ETBko kazetaria izan du lagun eta Itxaso Bolinagak eta Ane Saldañak nobelaren zenbait pasarte irakurri dituzte.
Ni por todo el oro del mundo nobelak akzioa , emozioa, maitasuna, erotismoa, samurtasuna, biolentzia, tragedia eta komedia uztartzen ditu. Nobela bizia da naturalismoaren eta fikzioaren mugak nahasten dituena. Autoreak kazetaritza erreportajea eta abentura kontaketa baliatu ditu, herrialde bateko ohiturak ezagutzera eman eta gizarte kronika egiteko. Venezuela eta Brasil arteko Amazoniako oihanean dago kokatuta istorioa. Urrea bilatzeko garbitegi klandestino batera lanera doan lagun talde baten esperientzia kontatzen da, bizitzak heriotzak baino gutxiago balio duen ingurune ia irrealaren testigantza bizia da.
Alex Saldañak EHUn egin zituen kazetaritza ikasketak eta Diario Vascon eta EFE agentzian egin zuen lan. 1992an
free lance gisa aritu zen lau hilabetez Hegoamerikan, Kuban, Venezuelan, Kolonbian, Ekuadorren eta Perun. Venezuelan, Hugo Chavezen estatu kolpearen eta Perun, Alberto Fujimoriren kolpearen lekuko zuzena izan zen, besteak beste. Venezuelara itzuli eta zazpi urtez aritu zen bertako El Universal egunkarian lanean. Sari ugari jaso zituen garai hartan egindako kazetari lanagatik. Egun Diari de Tarragonako zuzendariordea da.
Ni por todo el oro del mundo bere lehenengo nobela den arren, Ayer y hoy el deporte en Ordizia liburuaren egilea ere bada.