Asteazkenean helduko da Goierriko lau herritara errezeta elektronikoa
Asteazkenean errezeta elektronikoa jarriko da martxan Goierriko lau herritan: Lazkaon, Ormaiztegin, Zegaman eta Olaberrian. Hondarribia eta Oñati izan ziren sistema hau Gipuzkoan abian jarri zutenak eta Goierriko lau herri hauek dira hurrengoak, Anoetarekin batera. Asteazkenetik aurrera medikuek zuzenean jakinaraziko diete farmazeutikoei gaixo bakoitzari zein botika eman behar dioten. Sistema informatiko baten bidez egingo dute.
Honi esker, gaixo kronikoek ez dute anbulatoriora joan beharra izango errezetak eskatzera. Txartela farmazian erakustearekin nahikoa izango dute. Txipari esker, ordenagailuaren pantailan agertuko da paziente horrek zer behar duen. Paperezko errezeta desagertu egingo da, gainontzeko gaixoek ere ez baitute erabiliko. Helburua jarraipen ahalik eta zorrotzena egitea da.
Dagoeneko ia dena prest dago errezeta elektronikoa martxan jartzeko. Lazkao, Ormaiztegi, Zegama eta Olaberrian lan egiten duten medikuek gaur bilera egin dute Beasainen. Bertan, sistemak nola funtzionatzen duen azaldu diete.
Eskualdeko farmazietako langileak ere prest daude. Lazkaon bi farmazia daude eta Ormaiztegin, Zegaman eta Olaberrian bana. Lazkaoko Aranes farmaziako Maria Belen Aranesek errezeta elektronikoa eurentzat buruhaustea dela aipatu du. «Gure lana zaildu egingo da, datu asko kontrolatu beharko baititugu».
Dena den, alde ageri da. «Guri lan handia emango digun arren, gastu farmazeutikoa kontrolatzeko neurri egokia dela onartu beharra dago».
Administrazioa da, beraz, onuradun nagusietako bat. «Lehen anbulatorioetako langileek kontrolatzen zuten paziente bakoitzak botikak nola erabiltzen zituen eta hemendik aurrera guk egin beharko dugu lan hori», esan du Aranesek.
Administrazioarentzat ez ezik, herritarrentzat ere onuragarria izango dela esan du. «Gaixo kronikoek anbulatoriora errezeta bila joateari utziko diote. Zuzenean hona etorriko dira».
Dagoeneko lazkaotar bat baino gehiago joan zaio errezeta elektronikoarengatik galdezka. «Kopago delakoak gehiago kezkatzen ditu, baina honengatik ere galdetu dute. Lasai egoteko esan diet. Prestakuntza garaiz egin da eta teknologia aldetik ere prest gaude», azaldu du.
Dena den, hasieran zailtasunen bat edo beste egotea espero du. «Egitasmo berri bat martxan jartzea sekula ez da erraza izaten. Zailtasunak egongo dira, baina arazorik ez dut espero. Oñatiko eta Hondarribiko lankideek sistema oso ondo funtzionatzen ari dela esan dute».
Botiken gaineko kontrola oso zorrotza izango da. Hori dela eta, zer gertatuko da paziente batek pilularen bat galtzen badu? «Bere medikuarekin konpondu beharko du», azaldu du Aranesek.
Medikuen ustez ere errezeta elektronikoa onuragarria izango da. «Oso ondo dagoela iruditzen zait, kontrola handiagoa izango baita. Orain bizpahiru hilabeterako botikak ematen dira eta denbora tarte horretan denetik gerta daiteke», aipatu du Lazkaoko anbulatorioan lan egiten duen Mari Jose Osesek.
Medikuen zein gaixoen mesederako izango da. «Egun, anbulatorioetan sekulako jende ilarak sortzen dira, gaixo kronikoek bertara jo behar dutelako errezeta eske. Hemendik aurrera ez da halakorik gertatuko».
Berak ere ez du arazorik espero. «Zailtasunen bat suertatuko da, baina hori normala da. Gainera, bizilagunei gutun informatiboak bidali zaizkie. Horretaz gain, gida bat kaleratu behar da eta herritarrek telefono zenbaki batera deitu edo helbide elektroniko batera mezua bidali ahal izango dute zalantzak argitzeko», amaitu du.