«Finalean sartzea oparia izan da, baina orain jada txapela janztea da helburua»
Hedabideen deiak bata bestearen atzetik hartzen ari da bi asteotan Jon Ander Albisu (San Gregorio, Ataun, 1990). Gogaitu samar ere badago jada. «Baina seinale ona da hori», dio umil eta esker oneko. Elkarrizketara hitzordua baino bost minutu lehenago iritsi da, pilotan hasi zen Zelai frontoira. Igandean Lehen Mailako aurreneko finala jokatuko du, Binakako Txapelketakoa. Pablo Berasaluze aurrean lagun, Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaleta aurkari. Aho bizarrik gabe san du: txapela nahi du. Finalaurreko joko bikainarekin, posible dela badaki.
Hedabideen deiak bata bestearen atzetik hartzen ari da bi asteotan Jon Ander Albisu (San Gregorio, Ataun, 1990). Gogaitu samar ere badago jada. «Baina seinale ona da hori», dio umil eta esker oneko. Elkarrizketara hitzordua baino bost minutu lehenago iritsi da, pilotan hasi zen Zelai frontoira. Igandean Lehen Mailako aurreneko finala jokatuko du, Binakako Txapelketakoa. Pablo Berasaluze aurrean lagun, Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaleta aurkari. Aho bizarrik gabe san du: txapela nahi du. Finalaurreko joko bikainarekin, posible dela badaki.
Jon Ander Albisu pilotaria, Ataun San Gregorioko Zelai pilotalekuan, ostiralean./Gotzon Aranburu
Zer moduz zaude animoz eta?
Txapelketa guztian egon naizen ondoena. Txapelketa nahiko gogorra eduki dugu, ez dugu gure maila ematerik izan, batez ere eskuetatik justu ibili naizelako. Baina azkeneko lau partidetan eskuetatik oso ondo geratu naiz. Konfiantzarekin eta moralki oso ondo ailegatu gara biok.
Lehen Mailan aurreneko finala duzu igandean. Urduri?
Momentuz lasai gaude, baina ikusi beharko da nola eramaten ditugun nerbioak. Partida hasieran beti izango ditugu nerbioak, izerdi pixka bat bota arte.
Buruz nola prestatzen da pilotari bat horrelako partida baterako?
Laguntzen dizutenak azkeneko partidak dira. Azkeneko bi partidak oso onak egin ditut, eta buruz indarrean ailegatu naiz. Fisikoki, betiko errutinan segitu behar dugu, aste normal bat izango balitz bezala, aldatuz gero gauzak okertu igual egingo direlako. Partida desberdina izango da, baina ea ondo jokatzen dugun eta irabaztea lortzen dugun.
Eragingo dizu lehen finala izateak?
Finala aukera oso ona da, baina obsesionatuz gero zurerik ez duzu ematen. Partida normal bat balitz bezala joan behar dugu, nahiz eta badakigun desberdina dela eta nerbioak hor egongo direla. Gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatu behar dugu.
Animoso egoteko onena azkeneko partidetako jokoa baldin bada, ikaragarri jokatu duzu zuk azken bietan. Urteko sasoi puntu eta joko maila onenean zaude orain?
Nire onenean ez dakit, baina txapelketa honetan behintzat bai. Nahiko gustura hasi nintzen, aurreneko hiru-lau partidak txukunak egin nituen. Pablo, agian, lau t’erdikotik etorrita erritmo faltan hasi zen. Baina gero bera jarri zen, eta ni hasi nintzen eskuetatik minez, ezin partidarik ondo bukatu. Azken lauretan eskuz ondo bukatu dut, eta horrek konfiantza eman dit lasai atera eta nire jokoa egiteko. Frogatu da azken bi partidetan, eta batez ere azkenekoan, nire maila eman dudala. Oso gustura ibili gara biok.
Azken partida, hainzuzen, Irujo eta Zabaletaren aurka izan zen. 22 eta 14 irabazi zenieten. Har liteke erreferentziatzat finalari begira?
Guretzat, moralki, oso ona izan da. Ikusi da guk gurea eginez gero irabaz dezakegula. Guri moralki eta konfiantza berreskuratzen lagundu digu partida horrek, eta beraiei akaso zer pentsatua jarriko zien. Baina ez du erreferentziatzat balio. Finala da, nerbio eta tentsio asko egongo da.
Binakako Txapelketa inoizko luzeena da, eta zuk osoa jokatuko duzu. Gorabeherak izan dituzu jokoan, eskuetatik larri samar ere ibili zara. Zer moduz dituzu orain?
Orain ondo. Azkeneko lau partidetan oso ondo bukatu dut eskuetatik, eta horrek berak lagundu dit konfiantza hartzen. Txapelketako 5. edo 6. partidatik aurrera beldurrez ateratzen nintzen kantxara, ea eskuek aguantatuko ote zuten. Ez zuten aguantatzen partida guztia, eta azkenean horrek konfiantza galarazten dizu. Orain oso ondo dauzkat, masajistekin-eta lan dexente egin dugu, eta ondo ailegatu gara.
Atzelari gazteek lortu duzue atzeko jokoari ere ikusgarritasuna ematea.
Lau-bost atzelari atera gara kolpe dexente dugunak, eta ikuskizuna jartzen dugu, nahiz eta batzuetan dexente galdu.
Arriskua hartzeak pilota gehiago galtzea dakar. Hori izan daiteke hobetzeko arlo bat?
Bai, azkenean beti ematera joaten gara, eta ondo kokatzen ez bazara askotan gora joaten zaigu. Entrenamenduetan gehien bat hori ari gara hobetu nahian. Pixkanaka hobekuntza nabaritzen ari gara, eta ea urte batzuen poderioan, esperientziak lagunduta, gutxi galtzen ditugun.
Aurkariek esan dute zuri lan puska bat emateko asmoa dutela, atzean.
Txapelketa guztian biak oso fuerte egon dira. Irujok atzelaria asko zigortzen du, Zabaletak zer esanik ez. Kolpe handirik ez daukaten atzelariei min handia egin diete. Finalean ere ni kargatzera joango dira, baina konfiantzaz noa. Aurrekoan ere ikusi zen kolpez ondo nagoela, Zabaletari aurre egin diezaiokedala. Menderatzen saiatuko naiz, eta Pablok aurrean pilota hartzen badu badakigu bukatuko duela.
Pablo Berasaluze, zure aurrelaria, beteranoenetakoa da. Zu gazteenetakoa. Nola uztartzen zarete biok?
Ondo, oso gustura. Iaz nire aurreneko txapelketa zen, eta Pablorekin jarri ninduten. Txapelketa ona atera zen, aurreneko urtea izateko partida onak egin nituen. Pablorekin oso ondo konpondu nintzen, biok elkar oso ondo hartzen genuen. Udan ere partida asko jokatu genituen elkarrekin. Aurten ez du horrek lagundu, konfiantzarik ez dugulako eduki bakoitzak bere buruarengan. Baina orain jada biok ondo gaude, eta azken bi partidetan behintzat biok oso gustura bukatu dugu.
Helburua garbi daukazu: txapela janztea.
Bai, orain jada bai. Lehen finalaurrekoetan sartzea zen, eta behin finalean, beti nahi izaten da gehiago. Finalean sartzea, txapelketa joan den bezala, guretzat oparia izan da. Baina orain pauso bat gehiago nahi dugu, eta ea txapel hori etxera ekartzen dugun.
Finaleko frontoia, Bilboko Bizkaia, zer iruditzen zaizu?
Polita. Jende pila bat sartzen da, eta Pablo bizkaitarra izanda, pentsatzen dut afizioa gehiena gure alde edukiko dugula. Horrek ere asko balio du. Txapelketan ere bospasei partida jokatu ditugu Bilbon, eta gustatzen zaigu.
Ataundik ere babesa eta zaletuak joango zaizkizu.
Bai, jende guztia pozik dago ni horra iristearekin. Bi autobus bete dituzte, eta hirugarrena bidean da. Jende dexente izango da Ataundik eta Goierritik. 3.000 lagun sartzen dira, eta sarrera guztiak salduta omen daude. Afizioa izango da, buila izango da, eta ea horrek laguntzen digun, denen artean, txapela etxera ekartzen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.