«Lider izaera zuen, eta hori baliatzen zuen oztopoak gainditzeko»
Victor Mendizabal I. Ikerketa Bekak eman du lehen fruitua, bekaren irabazle Jon Ander Ramos Martinez eta Marcelino Irianni Zalakain unibertsitateko irakasleek ondutako Victor Mendizabal, itsasargia liburua. Herenegun aurkeztu zuen lan hori Ramosek Barrena kultur etxean –Irianni Argentinakoa da, eta ez zen aurkezpenean izan–. Haren esanetan, Mendizabal «egiazko lider bat» izan zen. «Heziketa zuen helburu, eta horren alde egin zuen».
Labur-labur, zer esan zenezake Victor Mendizabal Gorostizuri buruz?
Ordiziako herriarentzat oharkabean pasa zen indiano ordiziar bat izan zela. 1870eko hamarkadan Argentinako La Plata aldera egindako bidaia harekin hasten dira bere bizipenak. Hutsetik hasita, hainbat enpresa eta ekimen martxan jartzeko ahalmena izan zuen pertsona izan zen .
Eta zer da haren izaeratik eta hark egindako lanetik nabarmenduko zenukeena?
Hezkuntzaren alde egindako lana, bai Argentinan eta baita Euskal Herriaren ere. Llavalloleko Euskal Etxea eta haren izeneko fundazioa dira horren adibide.
Zer berezitasun zuen Mendizabalek Argentinara emigratu eta enpresak sortzen hasteko?
Zaila da hori jakitea. Hasiera batean osaba baten deiari erantzunez joan zen. Hortik abiatuta, bere formakuntza pertsonalez aparte, beste euskaldunekin batera enpresak sortu zituen; Ciriaco Morea nafarrarekin, esaterako, Almacenes Morea, Mendizabal y Cia. Anaiak ere eraman zituen Argentinara, eta hartara, enpresa gehiago sortzeko gai izan ziren mendizabaldarrak. Argi dago enpresarako dohainak zituela, enpresa gizon peto-petoa izan zela. Euskal Herrira itzuli zenean ere hainbat enpresa eta ekimen jarri zituen martxan; Ordizia arma fabrika, tartean.
Zergatik jotzen duzue lider etnikotzat eta itsasargitzat?
Erreferente izateko dohainak behar direla argi dago, eta Victor Mendizabalek bazituen. Lider baten izaera zuen, eta nortasun hori baliatzen zuen edozein oztopo gainditzeko. Heziketa zuen helburu, eta horren alde borrokatu zen, kementsu. Liderrek, helburu pertsonalak alde batera utzi, eta gizartearekin zerikusia duten helburuetan murgiltzen dira, baina egiazko liderrak ez dira ezkutatzen, eta gizartearen helburuei ez ezik, norberaren helburuei ere begiratzen diete. Nekez aurki daiteke aldez aurretik helburu partikularretan aurrera egitea lortu ez duen lider etniko bat.
Ohikoa al zen garai hartan ondasun ekonomikoak gizartean inbertitzeko joera hori?
Bai, normalean Ameriketan pilatutako dirutzaren zati bat komunitateari ematen zitzaion. Emigranteek beren jatorrizko herrialdeen alde egindako lana oso garrantzitsua izan zen, herrialde horiek modernizatzeko lagungarri izan baitzen. Kasu batzuetan, gainera, jatorrizko herriak egindako eskari bati erantzunez egiten ziren halako ekarpenak.
Zerbaitengatik nabarmendu bazen Mendizabal herriko gazteen alde egindako lanarengatik izan zen. Etorkizuna gazteen esku ikusten zuela esan nahi al du horrek?
Dudarik gabe. Horretarako liburuan jaso dugun Victor Mendizabal Fundazioaren sorrera akta irakurtzea baino ez dago.
Egileoi arraro samarra egin zaizue Mendizabalen izena kale labur batean azaltzea. Iruditzen zaizu ez dela behar adina ezagutu edo estimatu Mendizabalen figura?
Arraroa da bai, baina halako gauzak gertatzen dira. Baina hala ere, esan, Mendizabalek saritu zituen gazteek oso oroitzapen onak dituztela haren izaerataz, eta Donostiako estropadak ikusteko egiten zuten irteeraz.
Zer aurkituko dute irakurleek liburuan? Zer mezu emango zenieke?
Ordiziaren izena munduan zehar zabaldu zuen pertsona baten bizipenak ezagutzeko aukera izango dutela.