Larreak irekiko dituzte etzi Larraitzen
Etzi irekiko dituzte ofizialki Aralargo larreak, Larraitzen egingo den egun osoko festarekin. Ardi eta ahuntz gazta, taloak, sagardoa, orein produktuak, ogia… erosi ahalko dira goizean-goiztik jarrita egongo den bertako produktuz osatutako azokan. Aralarko mapa eta liburuak ere erosteko aukera izango da. Horrez gain, behi, behor, ahari eta bestelako abereen erakusketa egongo da.
Bestalde, Nabarraldeko kideek urteero bilgune izaten dute Ausa Gazteluko gaina, «gure herriaren oroimen leku» delako. Goiz osoko festa egiten dute hauek ere etzi, Nafarroako banderak hartu eta Ausa Gazteluko gainera joanaz. Hauek 09:00etan abiatuko dira Larraiztik Ausa Gaztelura eta 13:00etan egingo dute ekitaldi nagusia Larraitzen. Gero, sagardotegira joango dira bazkaltzera. Bazkarira joan nahi dutenek 943 55 60 11 zenbakira deitu edo hernani@nafarroa.biz helbidera idatzi beharko dute.
Honako egitaraua izango du larreen irekiera festak:
-10:00. Postuen irekiera eta trikitilariak.
-11:00. Oscar Ferrer zaldi domatzaile errioxarraren erakustaldia.
-11:30. Gipuzkoako mendiko behor eta zaldien IV. lehiaketa.
-12:00. Aralarko larreak irekitzeko suziria.
-Ondoren. Jose mari Esnaola aizkolariaren saioa 5 metrokoo altueran eta zintzilikaturiko enbor ebakitzen. Bertsotan Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi. Triki Beltz taldea. 17:00etan erromeria Triki Beltzekin.