Vigon galduta, bosgarren amaitu du liga erregularra Ampo Ordiziak
Ampo Ordiziak aitzakiarik gabeko porrota jaso zuen atzo Galizian, Universidade de Vigoren aurka 59-18 galduta. Horrenbestez, ezin izan dio play off-etako final laurdenetako partida etxean jokatzeko eskubidea ematen zion laugarren postuari eutsi –liga erregularra bosgarren bukatu du–, eta horrek esan nahi du Ampo Ordiziak ez duela partida ofizial gehiago jokatuko aurtengo denboraldian Altamiran. Valladolideko Pepe Rojo zelaian ekingo dio berriz ligako borrokari Ordiziak, maiatzaren 19an.
Ez ohiko hamabostekoa zelairatu zuen herenegun Axio Arañak Lagoas Marcosende zelaian. Jokalari dezente min hartuta daude, eta beste batzuei atseden ematea erabaki zuen entrenatzaileak, batez ere datorren igandean, maiatzak 5, VRAC Quesos Entrepinaresen aurka Santanderren jokatuko duten Espainiako Kopako finalari begira. Harrobiko gazteei minutuak emateko partida ere izan zen Vigokoa.
Aste berezia dute aurretik Ampo Ordiziakoek. Kopako titulua etxera ekarri nahi dute berriz, eta burua nahiz fisikoa freskatzeko baliatuko dute astea.