Imanol Lazkano eta Laxaro Azkune Lazkaon hizlari, bihar
Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak bertsolaritza munduko bi azpeitiarrekin hitzaldia antolatu du, biharko, 18:30ean, elkartean. Imanol Lazkano eta Laxaro Azkune ariko dira kontu-kontari, batik bat orain gutxi Joan Joxe Eizmendi Loidisaletxe-rekin batera idatzi duten Errezildarren ateraldiak liburua gai hartuta.
“Errezildarren ateraldiak ez da liburu normala, ez da errezildarrei soilik interesatzen zaien liburua. Euskara, euskararen erabilera, hizkuntza bizia interesatzen zaigun euskaldun, euskaltzale, irakasle eta kulturaz jantzi nahi dugun guztiontzat da”, aurkeztu du liburua Laxaro Azkunek.
Azkunek, Lazkanok eta Eizmendik hori islatu dute liburuan: “herri bat, eguneko ordu guztietan euskaraz bizi bada, lanean zein festan, aste eta jai egunetan, erreminta eroso bilakatzen duela hizkuntza, etengabe erabiltzen den lan-erreminta bezalaxe, herdoilik gabe eta distiratsu, eta hori da Errezilen kasua”, dio Azkunek.
Azkuneren eta Lazkanoren solasaldia ere “bizia, herdoilik gabe, distiratsua eta aberatsa” izango dela ziurtatu dute Gerriko kultur elkarteko antolatzaileek.