Zaldibiako Udalak 1,6 milioiko udal aurrekontua du, zerbitzuak eta ondarea mantentzeko
“Ez da azpiegitura berriak eta erraldoiak egiteko garaia. Zaldibian gaur egun dauzkagun azpiegituretan inbertitu eta eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetzeko izango da aurtengo udal aurrekontua”. Joxean Etxabe alkatearen hitzak dira, 2013ko udal aurrekontuaren izaera laburbiltzeko erabili dituenak.
Krisiarekin «garai zailak» direla aitortuta, proiektu berririk ez du abiaraziko Zaldibiako Udalak. Guztira 1.615.069 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzabak apirilaren 23an, astebete lehenago herri batzarren zaldibiarrei aurkeztutako ildotik. Iaz baino %4,76 gehiago da hori, 73.365 euroko hazkuntza. Zorpetze maila %3,72koa du Zaldibiak.
Euste politika horren arabera, gastu soziala eta udal lantaldea kopuruz mantentzeko erabakia hartu du udalak. «Beraz, momentu honetan lanean ari diren behin-behineko langileek beste urtebete jarraituko dute», dio udalak. Zerbitzuak eta laguntzak bere horretan mantenduko ditu.
Zerbitzuak hobetzeko, udalaren azpiegiturak eta bitartekoak nola findu aztertuko du udalak.
Inbertsioak eta egitekoak
Inbertsioen atalean, 199.917,72 euro izango ditu. Ekinbide zehatzak burutzeko lehentasunak finkatu ditu udalak, honakoak: herri bideak berritzea, Santa Fe kalea konpontzea —bukatuta dago obra—, argiteria publikoa efizientzia energetikoaren arauetara hobetzea, eskolako zoru guztia leuntzea, ur sarearen azterketa eta lehen zuzenketak egitea, eta hondakinen gestioa dira.
Ildo horretan, eta aurten burutzeko erronken artean, Zaldibia «zero zabor lurraldea» bihurtzeko pausoak ematen jarraitzeko asmoa iragarri du. Bestetik, udal azpiegituren egoera, mantenua eta erabilera ere behatuko dituzte aurten, etorkizunerako zer eta nola egokitu pentsatzeko.
Aniztasun arloan aurrera segitzea, ibilgailuak ondo aparkatzeko kanpaina, eta kalean zakurren «oreka egokia» sortzeko hausnarketa egingo dituzte. Bestetik, Biloreren auzian, Jaurlaritzari bilera eskatuko dio; aurreko gobernuak ukatu egin zion.
Bilduren aldeko botoekin onartu da aurrekontu txostena. Zaldibia Herrigintzan taldeak abstentzioa eman du, inbertsioekin «ados» egon arren, atez atekoa ez duelako babesten; «ondorioz, ezta horretarako gastu-sailak ere». Aurrekontua «nahiko ajustatua» dela onartu du Herrigintzanek, nahiz eta helburuetan bat ez etorri. Txostena udalbatzarra baino astebete lehenago soilik jaso izana ere deitoratu du, “agiria aztertzeko denbora gutxiegi” dela iritzita.
Inbertsioak 2013ko ekitaldirako
- Herri bideak. 50.000 euro (Goimenetik: 15.000). Bideak: Nazabal Goikoa, Urtsu Erreka, Urtsu Txiki, Igartzeta, Arrue, Ernaitza (luizia egonkortu eta diru iturriak ahalbidetzen badu).
- Santa Fe kalea. 27.000 euro (lanen ardura zutenek 18.600 euro jarri dituzte. Lanak apirilean egin dituzte.
- Argiteria publikoa. Kaleko faroletan energia aurrezteko eta argi-kutsadura gutxitzeko sistema jartzeko 30.000 euro. EVEren laguntza: %50.
- Lardizbal herri eskola. Zoru guztia leuntzeko 18.000. Udalaguntza: %60.
- Ur sarea. 25.917,72. Azterketa eta lehen lanak. Benta Berri-Kalbariota eta Kalbariota-Iturriondo arteko etxeetara ura Olakosaitik jartzeko.
- Hondakinen kudeaketa. 35.000. Foru Aldundiak %50 inguru. Tejeriko birziklagunea; eskola ondoan auzo-konpost gunea; kaleko edukiontzi txikiak aldatzeko.