Auzoetako beharrak ezagutzeko, Gizarte Zerbitzuen bisita
Beasaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak eta zinegotzia Beasaingo auzoak bisitatzen ari dira, hauetako bizilagunek dituzten beharrak ezagutu eta ahal den neurrian konpontzeko. Azken urteetan gizarte zerbitzuen inguruko informazioa eman bada ere, “herrigunetik kanpo geraten diren auzoekin hartu-eman gutxi dagoela” sentitu dute Udalekoek. Horregatik, udaletxetik irten eta auzo bakoitzaren errealitatea gertutik ezagutzea da ekimen honekin lortu nahi dena.
Dagoeneko Arriaran, Beasainmendi eta Astigarretako auzoetan izan dira ea bertako bizilagunekin bilerak egin dituzte. Besteak beste, honako arazoak aipatu dituzte auzoetan:
-
Garraio arazoa badagoela: garraio publikorik ez dagoenez, herrira jaisteko kotxea derrigorrezkoa da. Kotxerik gabeko adineko jendea badagoela komentatu zen.
-
TAO: auzoetako bizilagunen egoera kontutan hartzeko eta auzotarrek egoiliar txartela izateko eskubidea aztertzeko eskatu zuten.
-
Zabor bilketaren inguruan, hondakinak birziklatzeko edukiontzirik ez dutela jakinarazi zuten.
-
Gazteenek internet-en beharra azpimarratu zuten, zenbait tokitan arazoak dituztelako.
-
Ur depositu berri baten beharra azaldu zuten.
Garin auzora maiatzaren 22an joango dira, 18:30ean auzoko elkartera, eta Matxinbenta auzora maiatzaren 23an 19:00etan auzoko tabernara. Gudugarreta auzora ere joatekoak dira.













