
Jon Ander Intsausti (Mutiloa, 1992) txirrindularia profesionalekin aritu da lehenengoz: Azerbajango itzulian parte hartu du Espainiako selekzioarekin. Bere hurrengo erronka Nafarroako itzulia da. Lasterketa hau oso garrantzitsua da bere taldearentzat, bertakoa baita.
Zer moduz Azerbajanen?
Ondo. Zazpi egun eman ditugu bertan eta esperientzia polita izan da. Ilusio handiarekin joan naiz eta asko ikasi dut.
Zer iruditu zaizu Azerbajan?
Bertako bizimoduak asko harritu nau. Jende oso aberatsa ikusi dut, baina baita jende oso txiroa ere. Batzuen eta besteen arteko aldea hemen baino handiagoa da. Gehienak pobreak dira. Etxebizitzak eta autoak hemengoen oso ezberdinak dira.
Nondik nora ibili zarete?
Baku hiriburuan eta Kaukasoko mendietan egon gara. Mendi altuenetara ez gaituzte eraman, baina itzulia nahiko menditsua da. Sufritzeko nahikoa.
Zer moduz moldatu zara?
Janarekin kontu handiz ibili gara, baina azken egunean arazoak izan nituen. Laugarren egunean arkumea eman ziguten eta kalte egin zidan. Dena den, aurreko egunetan gustura ibili nintzen. Lehen egunean harrituta gelditu nintzen: ez gara lehen mailako profesionalekin aritu, baina hala ere sekulako abiadan dabiltzala iruditu zait. Lehen egunean tiratzea tokatu zitzaidan eta larri ibili nintzen. Bigarren egunean, berriz, itzulia erabaki zuen ihesaldian sartu nintzen. Baina egun txarra izan nuen eta 20 kilometroren faltan giharretako arazoak izan nituen. Hirugarren egunean primeran ibili nintzen. 100 kilometro eman nituen tiraka, beste batzuekin batera, eta moralki indar handia hartu nuen. Azken bi egunetan okerrago ibili nintzen.
Zer esan zizun hautatzaileak hirugarren etaparen ostean?
Oso gustura gelditu zen, irudi oso ona eman baikenuen.
Nongo txirrindulariekin aritu zara?
Portugal, Belgika, Holanda, Suitza, Turkia, Indonesia, Japonia, Ukrainia eta Kazakhstangoekin, besteak beste. Europar batzuk ezagutzen nituen eta horiekin ingelesez aritu naiz. Asiarrak ez nituen ezagutzen, baina horiek ere ingelesez ondo hitz egiten dutela ikusi dut. Irekiak dira. Turkiako taldeko ukrainiar batek irabazi du itzulia. Joan aurretik parte hartzaile guztiak 23 urte azpikoak izango zirela uste genuen, baina heldu asko zeuden. Europarrak gazteak ginen eta asiarrak helduak.
Lasterketa hura hemengoen oso ezberdina al da?
Oso ondo antolatuta dago. Antolatzaileek diru asko daukate. Euren Tourra da. Hango lasterketa bakarra da eta, gainera, lehendakariaren omenez antolatzen da. Azerbajandarrak ez dira txirrindularitza zaleak eta hangoek ez zekiten zer ari ziren ikusten, baina dena gelditzen zuten guretzako. Antolaketa oso ona da eta lasterketa segurua da, baina ikusle oso gutxi zeuden eta ez zuten animatzen. Botellina bota eta denak begira gelditzen ziren. Ez ziren bila joaten, ez baitzekiten zer zen.
Ondo zaindu zaituztete, beraz.
Bai, bai… Bost izarreko hoteletan egon gara. Ez dugu ezer falta izan eta sariak bikainak izan dira.
Hemendik aurrera, zeintzuk dira zure helburuak?
Azerbajanen egindako lanak sasoi ona lortzeko balio izatea espero dut. Maiatza bukaeran Nafarroako itzulian parte hartuko dut. Taldearen helburua itzulia irabaztea da eta, seguru aski, lan egitea tokatuko zait. Bestelakoan, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako erlojuaren aurkako txapelketak begiak jota ditut.
Nafarroako itzulia Caja Rural taldearentzat oso garrantzitsua da. Zure lehen urtea da taldean eta parte hartuko duzu. Taldeak zugan konfiantza duen seinale.
Ardura handia da. Caja Rural taldek lasterketa guztiak irabazi nahi ditu eta, etxekoak badira, gehiago.
Zergatik erabaki zenuen Bidelan taldetik Caja Ruralera joatea?
Bidelanen gustura nengoen, baina Caja Ruraletik deitu zidaten. Iaz denboraldi ona egin nuen arren, ez nuen profesional mailara pasatzea lortu. Caja Ruralek, berriz, ate hori apur bat gehiago zabaldu dit: profesional mailako taldean kanpotar asko dituzte eta, irudi kontuagatik, euskaldunak behar dituztela esan didate. Hori dela eta, lan ona egiten badut, profesionaletara salto egiteko itxaropena dut.
Gorka eta Jon Izagirre zure lehengusuak dira.
Hala da. Baina Euskaltelekin fitxatzea oso zaila da, puntuen kontua dela eta.
Zein aholku ematen dizute?
Ondo lan egiteko esaten didate. Zainduz eta entrenatuz gero, saria iritsiko dela.
Erlojuaren aurkako probak oso gustuko dituzu.
Erlojuaren aurkako probetan errazagoa da norberak duena erakustea. Norbere buruaren aurkako borroka da eta gustukoa dut. Iaz Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi nituen. Erlojuaren aurka ez diren lasterketetan faktore asko egoten dira tartean eta zailagoa da aurrean ibiltzea.
Ordekan moldatzen zara hobekien, beraz.
Bai, baina sasoian nagoenean mendate motzak ondo igotzen ditut. Inguru hau menditsua da eta mendateak igotzera ohitu naiz, baina ez naiz sekula igotzailea izango.
Profesional mailako zein lasterketa dituzu gustuko?
Klasikoak eta erlojuaren aurka erabakitzen diren itzuli txikiak. Itzuli handiren bat egitea ere gustatuko litzaidake.
Nork irabaziko du Giroa?
Wigginsek. Mendian ez du denborarik galtzen eta erlojuaren aurka besteen gainetik dago. Egun, mendateetan apenas ateratzen diete denbora batzuek besteei.
Zein duzu gustuko txirrindularia?
Indurain. Caja Rural taldearen aurkezpen ekitaldira etorri zen eta berarekin argazkia atera nuen. Izugarri atsegina eta umila iruditu zitzaidan.