Ataunek eskuz eta Ordiziak palan, aldeko jarri dute Herriarteko bidea
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketako aurreneko jardunaldiak gozotik gehiago utzi gezatik baino, Goierriko herrientzat. Denera zazpi herrik parte hartuko duten arren, lehen kanporaketan hiru bakarrik ari dira: Ataun eta Zumarraga eskuz, final hamaseirenetan; eta Ordizia palan, final zortzirenetan.
Txapelketa osoak Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan izan zuen estreinaldia, ostegun iluntzean. Ordizia-Urnieta joaneko partidak izan dira aurtengo lehenak. Larruzko paletan eta pala motzean neurketa bana jokatu ondoren, kanporaketa berdinduta geratu da: partida bana irabazi dute Ordiziak zein Urnietak, baina tanto kopurua ordiziarren aldekoa da, zortzi gehiago.
Larruzko paletan jokatu zuten lehenengo. Aitor Luzuriaga eta Ricardo Goiburu ordiziarrek alde nabarmenarekin (35-20) gainditu zituzten Fernandez-Jauregi. Neurketa «serioa» jokatu zuten ordiziarrek.
Bigarrenean, pala motzean, Iñaki Aranburu eta Josetxo Erize 33an utzi zituzten Argiñarena-Txapartegi urnietarrek (33-40). Hamalauna berdinduta egon arren, eroso aritu ziren bisitariak, batez ere Txapartegi atzelaria. Aurrean, Aranburuk ez zuen lortu bestetan bezainbesteko minik eragiterik.
Final zortzirenetako itzuliko jardunaldia ostiralean jokatuko dute Urnietak eta Ordiziak, Urnietako udal pilotalekuan, 20:15ean hasita.
Eskuz, Ataun bikain
Iazko lehiaketan hutsunea utzi ondoren, aurten itzuli da atzera Ataun Herriartekora. Sendo, gainera. Auzoeta kiroldegian hiru partidetatik bi aise irabazi zituzten ataundarrek, kadeteena (22-6) eta juniorrena (22-2). Helduetan, berriz, emaitza duina mantendu du (14-22).
Kadeteetan, Iraitz Zubizarretak eta Iñigo Zabalak erraz jokatu zuten. Itzulikorako, Zubizarreta infantilaren ordez Xabier Regilek jokatuko du, hark beste partida bat duelako. Jubeniletan, are errazago. Tanto gehienak saketik egin zituzten ataundarrek, Aitor Azkonobieta-Aimar Zaldua bikoak. Ezinean ibili ziren errenteriarrak.
Larrietan, berriz, Jon Arratibel eta Eneko Albisu atzera frontoira itzuli dira, «aspaldian» lehiatu gabe egon eta gero. Tokia aurkitu ezinik aritu ziren hasieran, baina emaitza txukuntzea lortu zuten azkenerako. Errenterian Ibai Arratibel afizionatuak jokatuko du atzelari; zeinen ordez, oraindik erabakitzeko daukate.
Itzuliko neurketak Errenterian dira, larunbatean 11:30ean.
Herriartekoan aspaldiko partez atzera hasi den Zumarragak ez du emaitza aldetik uzta handirik atera. Beloki pilotalekuan, nagusien mailan soilik irabazi du Zumarragak, 22 eta 21. Kadeteek eta jubenilek galdu egin zuten, ostiralean, 5-22ko emaitzarekin bi kasuetan. Tolosan jokatuko dituzte itzuliko hiru partidak.