Idiazabalgo Udalak jatetxea ireki nahi du udaletxe zaharrean
Eusko Jaurlaritzaren Basquetour turismoaren euskal agentziak eta Idiazabalgo Udalak Edertze Plana egin dute. Helburua zerbitzuen kalitatea hobetzea da eta, horretarako, 30 ekintza zehaztu dituzte. Horietako bat herrian jatetxe bat irekitzea da eta udala horretarako lanean hasi da. Udaletxe zaharrean ireki nahi du jatetxe hori.
Edertze Plana atzo aurkeztu zuen udaletxean Arantza Madariaga Basquetour-eko zuzendariak. Plan hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste bederatzi herritan ere egin dute, baina Idiazabal izango da Goierriko herri bakarra plan hau garatuko duena.
Hasteko, diagnostikoa egin dute eta, ondoren, Basquetour-ek, udal teknikariek eta politikariek ekintza plana zehaztu dute. Diagnostikoaren arabera, Idiazabalek aldeko zazpi elementu ditu: gazta, ardien trashumantzia, landa inguruko paisaia, N-1 errepidearen gertutasuna, Done Jakue bidea eta ondarea, Idiazabal izena kalitateari lotua dagoela eta gastronomia eskaintza.
Kontrako elementuak ere baditu, ordea: etxebizizen aurrealde itsusiak (Kale Nagusian eta Urtsuaran ibaira ematen duten etxeetan), bisitariek mugitzeko toki gutxi dutela, herri barnean irisgarritasuna eskasa eta gune interesgarriak gaizki seinalizatuta daudela. Hala, herria erakargarriagoa egiteko 30 ekintza zehaztu dituzte. Udalak herritarrei aurkeztuko dizkie eta zeintzuk egin erabakiko dute.
Ioritz Imaz alkateak azaldu du inbertsioetarako garai txarra bada ere, ekintza batzuk aurrera aterako dituztela. Hala, aurrealdeak txukun mantentzeko pedagogia lana egin beharko dela uste du. Instituzioekin eta Basque Culinary Centerrekin udaletxe zaharrean jatetxea irekitzeko lanean ari direla esan zuen: «Herrian jatetxerik ez dugu eta horrek irudi txarra ematen du».