Euskadi Gastronomia saria Azpeitiarentzat
Josema Azpeitia kazetari legazpiarrak kazetari lan onenari 2012 Euskadi Gastronomia saria jasoko du gaur Bilboko Bizkaia aretoan. ZUM edizioak enpresa legazpiarrak argitaratzen eta kudeatzen dituen Ondojan aldizkaria eta ondojan.com web gunean egindako lanagatik jasoko du saria. Berria «sorpresaz» hartu duela aitortu du Azpeitiak, baina gustura dago «urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza» delako, nolabait. Gastronomia akademiak ematen dituen sariak dira, «sari garrantzitsua da» aitortu du legazpiarrak.
Saria une «ezin hobean» iritsi zaila dio Azpeitiak, izan ere uztailean Ondojan aldizkariak 10. urteurrena beteko du. «Ale berezia argitaratuko dugu, eta saria, dudarik gabe bultzada garrantzitsua» izango da. Aldizkaria doan banatzen da Donostian, eta hasieratik «praktikoa» izateko helburuarekin jaio zen. Doakoa izanik, publizitatean oinarritzen da, «baina bezeroen eta gainerako jatetxeen arteko oreka» bilatzea lortu dute. Irakurleek «sinesgarritasuna eman diote produktuari».
Aipatutakoaz gainera, makina bat dira azken urte hauetan Azpeitiak gastronomiaren inguruan argitaratutako liburuak. Laster bi argitalpen berrik ikusiko dute argia: Jose Juan Castilloren 100 errezetan oinarritutakoa bata, eta La senda del pintxo liburuaren ingelesezko argitalpena bestea.
Azpeitiak, dena den, garbi dauka «saria lan talde osoarena» dela. Besteak beste, Ritxar Tolosa argazkilaria aipatu du, «bere argazkirik gabe nire lanak ez luke erdia ere balioko» ziurtatu du.