Bilore lantegiko pabilioi bat gainbehera erori da eta kalteak eragin ditu egituran
Zaldibiako sarreran dagoen Bilore lantegiko pabilioi bat gainbehera erori da gaur eguerdian. Eraikinaren zati handi bat erortzearekin batera, zutabe garaienetako baten egitura kaltetuta gelditu da. Bizilagunek entzundako “danbateko ikaragarri baten bidez” jakin dute gertatutakoaren berri. Suhiltzaileak eta ertzainak bertara joan dira, eremua ikuskatzera. Zaldibia.org atariak jakinarazi duenez, bizilagunek goizean hainbat pertsona ikusi dituzte eraikinean, eta ertzainek “badaezpada txakurrekin aztertuko dituzte eroritako eraikinaren inguruak”.
Bilore lantegiak urteak daramatza hutsik, eta Zaldibiako Udalak behin baino gehiagotan salatu izan du eraikinaren egoera. Gaur gertatutakoaren ondotik, Zaldibiako Udalak “beste behin eskaera publikoa luzatzen dio Eusko Jaurlaritzari, Bilore eraikinak herriarentzat eta ingurumenarentzat suposatzen duen arriskuaren aurrean pausoak” eman ditzan.