Elurrak eta eguraldiak are gehiago gogortu dezake igandean egingo den Zegama-Aizkorri maratoia
Igandean jokatuko da XII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta probak berez izan ohi duen oihartzunari eguraldi txarrak eragin ditzakeen aldaketek sortu duten interesa gehitu behar zaio. Azken egunetan Aizkorrin egin duen elurrak ibilbidea baldintza zezakeela pentsarazten zuen, baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, "igandean eguraldi txukuna espero da eta ez dago ibilbidean aldaketarik egiteko asmorik". Beraz, elurretan egin beharko dute gora eta behera parte hartzaileek, eta haiekin batera maratoia ikustera joango diren dozenaka ikuslek.
Aurten 521 korrikalari irtengo dira Zegamako plazan egongo den irteera eta helmuga puntutik (09:00etan hasiko da proba), eta horietatik 65 izango dira goierritarrak. Junior Trailean 44 gaztek parte hartuko dute, eta horien artean izango dira Xabi Azurmendi zegamarra eta Olatz Unanue aramarra. Guztira 3.200 parte hartzailek eman zuten izena Zegama-Aizkorrin parte hartzeko, baina antolatzaileek 500 kirolaritan dute jarrita muga. Errusiatik, Zeelanda Berritik, Noruegatik, Italiatik, Japoniatik… iritsiko dira kirolariak Aizkorriren magalera, baina korrikalarien %80 euskalduna izango da; batez ere gipuzkoarrak dira parte hartzaile gehienak.
Guztien artean, Kilian Jornet eta Oihana Kortazar dira hautagai nagusiak, baina Lius Alberto Hernando ere aipatu dute antolatzaileek. Iaz bigarren egin zuen Hernandok Zegaman, eta aurten txapelketa buru izateko borroka egiteko asmoz dago antza. Kortazarrek ere punta puntako aurkariak izango ditu, tartean Emilie Fosberg, Nuria Picas eta Uxue Fraile.














