Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakari Julian Urkiolak emango ditu azalpenak, Barandiaran Museoan
Erlezainen artean kezka eta eztigintzan nahiz erlezaletzan kalte handiak eragin dituen liztor beltza (Vespa velutina) hizpide izango dute, gaur, Ataunen. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakari Julian Urkiolak hitzaldia egingo du, San Gregorio auzoan dagoen Barandiaran Museoan, 19:00etan. Sarrera doan da.
Liztor beltza bertako liztortzarretik nola bereizi azalduko du Urkiolak; nolako habiak egiten dituen, zer bizi ziklo duen, aurkituz gero nola jokatu behar den, edo zer arrisku dituen jorratuko du adituak. Azken aldian hizpide diren aurre egiteko metodoez ere ariko da, arazoari zer konponbide eman dakiokeen esaterakoan.
Intsektuak ikusteko aukera
Hitzaldiaz gain, liztor beltzaren, bertako liztor handiaren eta erleen ale batzuk erakutsiko ditu, aldea ikusteko. Urkiolak berak grabatutako ikus-entzunezko labur bat ere emango dute, liztor beltzek erlauntzaren inguruan zer jokaera duten ikusteko.
Parketxe Sareak, udalak eta aldundiak antolatu dute hitzaldia.