Zaldibia-Beasain eta Ordizia-Lazkao derbiak jokatuko dira Herriartekoan
Kanporaketa ikusgarriak egokitu dira Goierriko herrietako pilota taldeentzat, Gipuzkoako Herriarteko bigarren koskan. Bi derbitan egingo dute debuta lau herrik. Eskuz, Zaldibia eta Beasain neurtuko dira elkarrekin, datozen bi asteburuetan; palan, Ordizia eta Lazkao. Olaberriak ere final-laurdenetako mailan hasiko du lehiaketa, palan, Debarekin. Ataunek, Herriartekoa eskuz aldi gehienetan irabazi duen Azkoitia —16 txapela ditu, eta txapeldunorde beste seitan geratu zen— hartuko du.
Lehiaketan Goierriko sei herri daude. Zumarraga final hamaseirenetan kanporatuta geratu da asteburuan, Tolosaren aurka 2-1 galduta (orokorra, 4-2). Ataunek Errenteria gainditu du. Larunbatean 1-2 irabazi zuen, Oreretan. Kadeteek 10-22 galdu zuten, eta jubenilek 1-22 eta helduek 16-22 irabazi.
Partida guztiak Goierrin
Herriartekoko bigarren kanporaketako joaneko partida guztiak Goierrin jokatuko dira, kurioski. Bi derbi daudelako tartean. Bihar dira jaialdiak Zaldibian, Ordizian eta Ataunen; etzi Olaberrian.
Eskuz, lehian sartuko diren Zaldibiak eta Beasainek elkarren aurka jokatuko dute, Resti frontoian (Zaldibia), bihar 19:00etan. Zaldibiarren taldea hauek osatzen dute: Aimar Garmendia, Ander Murua eta Aitor Intsausti (kadeteak); Aitor Elizegi, Aritz Oria eta Aitor Irastortza (jubenilak); eta Eneko Nazabal, Unai Oria eta profesional izandako Aratz Mendizabal eta Aitzol Sukia (larriak).
Ataunek Azkoitiaren bisita jasoko du. Bihar 21:30ean hasiko da jaialdia, Auzoeta kiroldegian. Azkoitia iaz finalaurrekoetan kanporatu zuen Donostian. Herriartekoak 45. ekitaldia du aurten, eta Azkoitia 22tan finalean sartu da.
Palari dagokionez, hiru ordezkaritik bik asteburuan egingo dute estreinaldia. Lazkaok Ordiziari aurre egin beharko dio. Partidak bihar 20:15ean dira, Ordiziako Beti-Alai frontoian. Ordiziarrak martxa hartuta daude, final zortzirenetan Urnieta kanporatu dutelako (3-1 denera). Itzulikoan, Urnietan, biak irabazi zituzten.
Olaberria txapeldunak Deba hartuko du. Larunbatean 18:30ean hasiko dira bi neurketak —larruzko paletakoa eta pala motzekoa—, Olaberriko frontoian.