Juanlu Escudero: «Gabiriarrek euren ingurua eta adinekoak bereziki zaintzen dituzte»
Juanlu Escuderok (Zumarraga, 1965) hamaika antzezlan eta telesailetan lan egin du. Berriki, Geraldine Chaplin eta Joaquim de Almeida aktore ezagunekin aritu da. Bestalde, ekainean Águila Roja telesailean ikusiko dugu. Egun ostalaria ere bada eta iaz Gabiriako ostatuaren ardura hartu zuen. Etzi antzezlana eskainiko du bertan.
Nolatan aktore?
Loiolako La Sallen hasi nintzen antzerkia egiten, literatura gustuko zuen irakasle baten eraginez. Ondoren, Urretxu eta Zumarragan Karmakros antzerki taldea sortu genuen, Donostiako antzerki eskolara joan nintzen eta Geroa antzerki taldean sartu nintzen. Garai hartan antzerkiarekin mundua aldatu nahi genuen.
Madrilen ere ibili zinen.
El Cruce taldearekin lan egin nuen, Ernesto Caballero eta Carmen Machirekin. Ondoren, Euskal Herrira itzuli nintzen. Hainbat antzezlan eta telesailetan lan egin ondoren, familia da orain nire bizitzako ardatza. Familia eta antzerkia uztartzea oso zaila da. Nire agenteak urtean pare bat aldiz deitzen dit eta horrekin asetzen dut nire antzerki gosea.
Ez da antzerki mundutik kanpo lan egiten duzun lehen aldia.
Illargui okindegian ere lan egin nuen, baina antzerkia erreminta terapeutiko bezala erabiltzeko aukera suertatu zitzaidan. Enpresa bat sortu nuen, psikoterapeuta batekin, arazoak dituen jendeari laguntzeko. Antzerkiaren bitartez taldean lan egiten eta gozatzen irakasten genien. Horretarako, euren bizipenak taulara eramaten genituen. Esperientzia oso aberasgarria izan zen eta urrutira heldu ginen, baina diru-laguntzak kendu zizkiguten. Horren ondoren, ostalaritzan hasi nintzen.
Zer moduz ostalaritzan?
Lehenengo Legazpiko batzokia hartu genuen eta ondoren Gabiriako ostatua. Enpresa mundua ez dut dominatzen, baina giza harremanetan abila naiz. Ostalaritza oso gogorra da. Hitz zatar batekin aspaldiko bezero bat gal daiteke. Barran lan egiten dut eta nire helburua Gabiriako ostatura etortzen diren guztiak gustura sentitzea da.
Zumarragatik Gabiriara alde handia nabaritu al duzu?
Zumarraga handi gelditzen zait! Gabirian lan egitea oparia da. Bertako bizimodua atsegin dut. Ingurua eta adinekoak bereziki zaintzen dituzte eta ez dute asko behar zoriontsu izateko. Pena bakarra dut: ez dudala euskaraz nahi bezain ondo hitz egiten. Hobeto hitz egingo banu, herritarrengandik gertuago sentituko nintzateke. Dena den, euskaltegira noa eta geroz eta hobeto hitz egiten dut.
Ez al duzu antzerkia Gabiriara ekartzeko asmorik?
Bai. Ostatuan Trainspotting lana antzeztea eskaini diet. Gazteleraz antzezteko baimena eskatu diet eta, ondo irteten bada, urtean bizpahiru aldiz euskarazko antzerki saioak antolatuko ditugu. Trainspotting ostiral honetan antzeztuko dut, 23:00etatik aurrera.
Gabiriarrak ere artista samarrak dira.
Hala da. Dagoeneko bizpahiru film labur egin dituzte. Ez dira profesionalak, baina ilusio handiz lan egiten dute. Hori da garrantzitsuena.