Lazkaon Mundumob ekimenerako deia egin zuten eragileak.
Gipuzkoa Zero Zaborrek bultzatu eta herrika garatzen ari den Mundumob ekimenak aste honetan hainbat hitzordu izango ditu Goierrin. Jasangarritasuna aldarrikatzeko eta etorkizunerako jarrera xahutzaileak baztertzeko asmoz, Ataunen, Lazkaon, Legorretan eta Zaldibian dantza entseguak egingo dituzte.
Legorretan Korputs eguneko festan egingo dute dantza-koreografia, larunbat eguerdian. Aurrez bi entsegu burutuko dituzte: gaur 19:30ean, eta ostiralean 18:30ean, biak pilotalekuan.
Zaldibian ekainaren 2an grabatuko dute. Ostiralean 18:30ean entsegua dago, plazan.
Lazkaon ostiralean izango da grabaketa, 19:00etan. Ordubete lehenago, azkeneko entsegua egiteko deialdia egin du Lazkao Zero Zaborrek.
Mundumobeko dantzaren abestia Karlos Jimenezek egin du, hitzak Jon Maiarenak dira, ahotsa Ze Esatek taldeko Jabik jarri du, eta Ines Osinagak ere parte hartu du. Koreografia Mikel Erguinek sortu du. Herri guztietako partaideek Donostian egingo dute dantza, ekainaren 8an.
Ataunen, hitzaldia gaur
Ataungo Zero Zaborrek, bere aldetik, bi entsegu-egun zehaztu ditu. Gaur, 17:00etan, Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxean elkartuko dira; eta ostiralean, 19:00etan, San Martingo plazan. Grabaketa eta festa larunbatean da, 12.30ean, San Martinen.
Bestetik, hitzaldi batekin osatuko dute Ataunen hondakinen kudeaketari buruzko ekimena. Jon Fontenla Sukiak (Vermican) eta Ataun Zero Zabor taldekoek hitzaldia egingo dute, gaur 18:30ean, eskolan. Hegazti konposta izena eman dioten jarduerari buruz ariko dira.
Etxean egunero sortzen den hondakin organikoa bilgune batera eraman, eta trukean oiloek errundako arrautzak jasotzea da hegazti konpostaren lan modua. Informazioa emango dute hitzaldian, eta helburua interesa duten herritarrekin talde bat sortzea da, «etxeko organikoari irtenbide jasangarri bat emateko aukera berriak landuta».