Olaberriko Arcelor Mittalen murrizketak egin nahi dituztela salatu dute
Olaberriko Arcelor Mittal altzairu lantegian zuzendaritzak murrizketak ezarri nahi dituela salatu du LAB sindikatuak, gaur. Enpresa Batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur goizean, eta lantokiaren aurrean bilduta egon dira hainbat langile. LABek esan duenez, murrizketak soldatetan eta eskubide sozialetan egin nahi ditu enpresak. “Soldata murrizketak, lan ordu gehiago eta urteetan lortutako onura sozialak kendu nahi dituzte”, adierazi du sindikatuak.
Enpresako hitzarmena negoziatzen ari dira bi aldeak, aspaldian. Baina epea agortzear da. Zuzendaritzak gaur jakinarazi die langileen ordezkariei ostiralean hasiko dela 15 eguneko azken epea (“deskuelgea” deitua); behin bi aste horiek igarota, epaitegiek erabakiko dute hitzarmenaren gainean. Negoziaketen azken txanpan, zuzendaritzaren “zurruntasuna” deitoratu du LABek. Sindikatuaren esanetan, langileak “sakrifizioak” egiteko prset azaldu dira negoziaketen hasieratik. “LABek merkatuaren egoera mutinazionalaren barruko egoera kontuan izan du hasieratik, eta sakrifizioak egiteko prest azaldu gara, beti enpleguaren bermea, lan erreformaren aurkako klausulak eta ultraktibitatea jasota. Baina zuzendaritzak ez du ezertan etsi, hasierako bere planteamenduetatik oso gutxi mugitu da”.
Zuzendaritzaren jarrerari mobilizazioekin erantzun behar zaiola gehitu du LABek.