Ortiz de Luzuriaga BTT martxaren 9. edizioa egingo dute igande honetan
Bederatzigarrenez egingo dute aurten Legazpin, Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT martxa. Datorren igandean izango da, ohi bezala Hegialdeko jaien atarian. Ibilbideak Laubiden izango du irteera eta helmuga, eta orotara 36 kilometro luze izango da. Aitor Uribeetxeberria martxaren antolatzaileetako batek zehaztutakoaren arabera, «Euskal Herri osoko 200 bat bizikleta zale» biltzen ditu urtero proba honek.
Laubideko bulebarrean emango diote hasiera probari 9:00etan. Aurretik Ortiz de Luzuriagari omenaldia egingo diote, «aurreskua dantzatuko dute kuadrillakoek, bertsoak ere izango dira, eta lore eskaintza egingo zaie familiakoei». Laubidetik hasi eta «Atagoiti, Aztiri, Larrosain, Brinkolazar, Brinkola eta Udana igarota, Korostiko magaletik Muñozarrera eta handik berriz Laubidera» egin beharko dute txirrindulariek.
Izen ematea egunean bertan
Izen ematea «egunean bertan egin beharko da, 8:00etatik 9:00etara» eta 10 euro ordaindu beharko dira. Aurretik ere eman daiteke izena Facebook-en, xabiortizbtt helbidean. Bildutako diruarekin txirrindularientzako anoa postuak antolatzen dituzte ibilbidean zehar. «Brinkolan eta Muñozarren egongo dira anoa postuak. Helmugan ere egongo da jan edana egiteko aukera».
Horrez gain, martxako kamiseta bana ematen diete opari txirrindulari bakoitzari, «urtero ateratzen dugu berria». Eta hori gutxi balitz, martxa amaitutakoan zozketak ere egiten dituzte parte hartzaile guztien artean, «gure babesleek materia ugari ematen digute urtero, gero zozketatzeko».