Zintzilikarioak jartzea eragozteko kanpaina hasiko du Legazpiko herri plataformak
Bilduk osatutako udal gobernuak «zaborraren eztabaida etxebizitzetako atarietara eraman nahi duela» argudiatuta, fatxadetan zintzilikarioak jartzea eragozteko txostenak banatuko ditu herritarren artean gaurtik aurrera Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak Legazpin. Bihar emango diote hasiera sinadura bilketa kanpainari, eta herriko gune ezberdinetan «informazio mahaiak» jarriko dituztela aurreratu dute.
Informazio mahaia azokan eta Laubideko Eroskin jarriko dute bihar, 11:00etatik 13:00etara. Etzi, larunbata Kale Nagusian eta Laubideko Eroskin izango dira, ordutegi berean. Momentuz, bi astetarako aurreikusi dute kanpaina, «sinadura bilketaren erritmoaren arabera luzatu» daitekeena. Informazio mahaietan bizilagun bakoitzak sinatu eta bete beharreko txostenak banatuko dituzte. Txosten honen bitartez «udalari norberaren etxeko fatxadan zintzilikarioak jartzeko baimenik ez ematea» da asmoa. Plataformak prentsa ohar bidez adierazi duenez, ez dute herria «zintzilikarioz beteta ikusi nahi».